Etxetik kanpo ariko dira asteburu honetan Txingudi Rugby Klubeko bi senior taldeak
Txingudi Rugby Klubeko bi senior taldeek etxetik kanpo jokatu beharko dute asteburu honetan. Zaisa Txingudi Gasteizen ariko da, Gaztedi taldearen kontra, bihar (urriaren 26an) 13:30ean. Biok Txingudik ere bihar ospatuko du asteburuko jardunaldia eta hauek Logroñora bidaiatu beharko dute, Riojaren kontra lehiatzeko 16:30ean.
Zaisa Txingudik Gaztediren kontra jokatuko du asteburuan, zehazki bihar 13:30ean. Iñigo Camareroren mutilek Iruñaren kontrako partiduan erakutsitakoa errepikatu nahi dute Gasteizen, Nafarroan sentsazio onak izan baitzituzten. Gasteiztarrek ez dute modu onenean hasi denboraldia, lehen bi neurketak galdu zituen, baina aurkari gogorra izanen dela argi dute mugakoek. Pasa den denboraldian, Plaiaundin jokatutako azken jardunaldian, garaipena eskuratu zuten bisitariek eta bidasoarrak play-offa jokatzeko aukerarik gabe utzi zituen. Lehiaketa martxa falta hori aprobetxatzen saiatuko dira Zaisa Txingudiko mutilak oraingo honetan, etxera bueltan puntuak ekarri ahal izateko.
Biok Txingudik ere etxetik kanpo jokatuko du asteburu honetan. Logroñora bidaiatu beharko dute emakumeek, denboraldiko hirugarren jardunaldia jokatzeko. Rioja izanen dute hauek aitzinean, 16:30etik aitzinera. Eibarren kontra irabazi zuten mugakoek denboraldiko lehen partiduan eta, pasa den asteburuan, Durangoren kontra bonus puntua eskuratu zuten. Aurkaria berriz, sailkapeneko azken postuan kokatua dago. Hala ere, ez die bisitariei gauzak erraz jarriko. Pasa den denboraldian, Biok Txingudik markagailua bi aldiz irauli behar izan zuen azkenik, 29-36 irabazteko. Ligako lehenengo faseak sei partida baino ez izanik, norgehiagokak irabaztea eta puntuak eskuratzea ezinbertzekoa da Asier González Arañak zuzendutako jokalarientzako.