Irudek Bidasoa Irunek lidergotza izanen du jokoan bihar Barçaren kontra
2026/11/20
Talde irundarra Nexus Energia ASOBAL Ligako hamargarren jardunaldian garaipena eskuratzeagatik borrokan izanen da bihar, azaroaren 21ean, Artalekun. Lidergotza mantentzeko lehia bizia izanen da bertan biziko dena, Barçaren handiaren kontra nagusitu beharko duelako Alex Mozasen taldeak horretarako. Dinamika onean dago taldea, baina badakite gogor aritu beharko direla helburua lortu ahal izateko.
Irudek Bidasoa Irunek Barça hartuko du bihar, azaroaren 21ean, Artalekun (20:00). EHF European Leagueko Multzo Fasean Limoges-en kontra beharrezko garaipena lortu ondotik, eta ASOBAL Ligan garaitezinak izanda, azken liga honetako lidergotza izanen du talde irundarrak jokoan asteburuan. Helburua garbia bada ere, ez da hain erraza izanen hori lortzea. Izan ere, Barça talde handiaren kontra lehiatu beharko du sari handi hori eta horretarako, jokalariak eta zaleak elkarrekin aritu beharko dira gogor.
Astearteko garaipenaren ondotik, Bidasoak ez du denbora gehiegirik izan horretan pentsatzeko. Asteazkenean dagoeneko lanean hasi ziren Barçaren kontrako partidua prestatzen, Alex Mozas entrenatzaileak dioenez, “orain arte gertatutakoak ez duelako zerikusirik larunbaterako”. Izan ere, munduko talde onenetariko bat da Kataluniakoaeta hauek ere garaipen on bat lortzetik datoz. “Garaipen bat lortzetik datoz, erraza balitz bezala. Piezak galtzen badituzte ere, ongi lehiatzen dira eta oso zaila izanen da”, gaineratu du Mozasek.
Garaipena eskuratu ahal izateko gakoa jokoan egonen dela argi du entrenatzaileak, eta hor Bidasoak izanen duela ardura gehien erasoan fin ibiltzeko: “Defentsiboki munduko onenak dira. Gol guti hartzen dituzte eta erritmo bizian aritzen dira. Oso zaila da gola sartzea beraien atean eta hor egonen da gakoa. Jaurtiketetan eraginkorrak izan behar gara eta gero, beraien kontraerasoa kontrolatu”. Jokalarien joko onaz gain, Mozasek azpimarratu du zaleen babesa ere gakoa izanen dela. “Pabilioiak pasa den asteartean bezala babesten bagaitu, hori nabarituko dugu. Babes hori luzatu behar dugu, hasieratik nabaritzea. Zaleengandik asko espero dut”, aitortu du.
Barçak badaki Artaleku ez dela eszenatoki erraza izanen eta Bidasoa ere sasoi onean dagoela. Mozasek dio “Barçak badakiela gure jokoa ona izaten ari direla eta hona datoz pentsatuz guk irabazi dezakegula”.