Federale 3 mailako Stade Hendayais taldeak garaipenarekin hasi du denboraldia

2026/09/15
Hendaiako errugbi taldeak 49-12ko markagailuarekin garaitu zuen Donapaleu, denboraldiko lehen jardunaldian, sailkapeneko lehen postuan kokatuz, bost punturekin guztira. Bigarren taldeak ere, irabazi egin zuen aurkari beraren kontra, 28-17ko emaitzarekin.
Federale 3 mailako Stade Hendayais taldeak garaipenarekin hasi du denboraldia
2026/27ko denboraldia arrakastaz estreinatu dute Stade Hendayais errugbi klubeko gizonezkoen senior mailako bi talde nagusiek. Donapaleu izan zuten bi taldeek aurkari, etxean, eta biak ere garaipenarekin bukatu zuten lehen jardunaldia. Federale 3 mailako taldeak 49-12ko emaitzarekin irabazi zuen eta bigarren taldeak berriz, 28-17ko markagailuarekin. Lehenak gainera, sailkapeneko lidergotzan hasi dute ikasturtea. Aurrendenboraldia bukatuta eta lagunartekoak ere jokatuta, denboraldi berriari ekin zioten asteburuan Stade Hendayais errugbi klubeko gizonezkoen senior mailako taldeek. Biek ere etxean jokatuko zuten, Donapaleuren kontra. Federale 3 mailako taldeak nagusitasunez ekin zion denboraldiari, 49-12ko markagailu zabalarekin garaitu baitzuen aurkaria, sendo mantenduz eta beti gainetik arituz. Iazko talde berbera mantenduz, Federale 2 mailara igotzeko puntuan egotea ez zela kasualitatea izan erakutsi zuten etxeko zaleen aitzinean. Bost puntu batuz, sailkapeneko lehen postuan kokatu da. Bigarren taldea berriz, ia guztiz berritu da aurtengo denboraldirako. Junior mailatik hamabost jokalari berri igo dira bigarren taldera eta ongi entrenatu badute, eta lagunartekoetan maila eman badute ere, lehen jardunaldia probakoa zen. Testa erraz gaindituta, hauek ere garaipena eskuratu zuten Donapaleuren kontra, 28-17ko emaitzarekin. Heldu den asteburuan etxetik kanpo aritu beharko dira bi taldeak, Larresoro bisitatu beharko baitute, bertze zelaietan indartsuak direla erakusteko. Felix San Martin Stade Hendayais errugbi klubeko ordezkariak egin du asteburuko balorazioa.