Helburua lortzeko aukera zapuztu zaio Irudek Bidasoa Iruni

2026/05/25
Talde irundarrak 31-32ko markagailuarekin galdu zuen Granollersen kontra, pasa den ortziralean Artalekun. Denboraldiko etxeko azken partidua zen eta Alex Mozasen jokalariak bigarren postua eskuratzeko nahia zuten. Hala ere, neurketa zaila aurreikusten zen eta horrela izan zen. Bi taldeek ere helburu bera erdiesteko grinarekin kantxaratu ziren eta bukaera arte lehian izan ziren, norgehiagoka kataluniarren alde erabaki zen arte. Bigarren postuan bukatzeko aukera zapuztu zaio Bidasoari, nahiz eta Europako txartela bertze bide batetik lortzea posiblea den oraindik.
Helburua lortzeko aukera zapuztu zaio Irudek Bidasoa Iruni
Irudek Bidasoa Irun 31
32 Fraikin BM Granollers
Irudek Bidasoa Irunek 31-32ko markagailuarekin galdu zuen, pasa den ortziralean Artalekun. Azken unera arte bi taldeek lehia bizian aritu ziren, ASOBAL Ligako sailkapeneko bigarren postua eskura zutelako. Azkenean, kataluniarrek lortu zituzten jardunaldiko bi puntuak eta bidasotarrek aukerak zapuztu ziren honela. Edonola ere, ongi baliatu zuten etxean jokatutako azken neurketa, heldu den denboraldiak segituko ez duten taldekideak agurtzeko omenaldi hunkigarri batekin. Neurketa erritmo bizian hasi zen, bi taldeek desio zuten ASOBAL Ligako bigarren postua baitzegoen jokoan. Bidasoak gainera, azken partidua zuen etxean eta zaleei garaipena eskaini nahi zien. Giro beroa zegoen kantxan, ez soilik zaleen babesagatik, baizik eta tenperatura altuegia zegoelako barrenean. Baldintza horrek eragina izan zuen jokoan, batez ere bukaera aldean, nekea biderkatu baitzen horrekin. Hala ere, intentsitate handiz jokatu zuten bi taldeek eta hori markagailuan islatu zen, berdinduta ibili zirelako lehen zati guztian zehar, soilik gol bakarreko abantaila txikia lortuz etxekoek eta 14-13koarekin ailegatu ziren atsedenaldira. Bigarren zatia bide beretik hasi zen. Etengabeko gol trukean aritu ziren bi taldeak eta markagailuak gol bakarreko errenta ematen zion Bidasoari. Granollers handitzen joan zen minutuak pasatu ahala eta, aurkariak nekea somatzen ari zirela aprobetxatuz, partidua bukatzeko bost minutu bertzerik ez zirenean falta, aitzinetik jarri zen taldea, 27-28koarekin. Azken minutuak beraz, tentsio handikoak izan ziren. Zaleak presioa ere eragin zuen, baina ez zen nahikoa izan garaipena etxean geldtzeko. 30 segundu falta zirenean, Rodrigo Salinasek emaitza berdintzea lortu zuen (31-31), baina kataluniarrek erasoan hutsik egin gabe 31-32koa jarri zuten. Azken erasoa Bidasoak eduki zuen, baina Gorka Nietoren aukera ongi gelditu zuen Granollersen defentsak. Horrela bada, 31-32koarekin, bisitarientzat izan ziren puntuak eta porrot mingarria jaso zuten bidasotarrek, bigarren posturako aukera zapuztu zitzaielarik. Edonola ere, aukera aprobetxatu zuen taldeak heldu den denboraldiain Artalekun egonen ez diren taldekideak behar bezala agurtzeko: Rodrigo Salinas, Nacho Valles, Piotr Mielczarski, Dariel Garcia eta Jorge Martinez. Gainera, Ricardo Gomez medikuak ere omenaldi hunkigarria jaso zuen, 30 urte baino gehiagorekin ondoren, taldea utziko duelako, erretiroa hartuko baitu. Horrela beraz, Nexus Energia ASOBAL Ligako azken jardunaldia jokatuko du Bidasoak heldu den igandean, maiatzaren 31n, REBI Balonmano Cuenca taldearen kontra (17:00).