Hondarribia 10K lasterketak trafikoan eragina izango du igandean
Apirilaren 27an Euskadiko 10K Txapelketa jokatuko da Hondarribian. Ibilbide homolaogatua da, eta zirkuitu laua denez, "Korrika egin ezazu zure 10K azkarrena" lelopean aurkeztu zuten martxoan Higer Komarka Aldea elkarteak eta Hondarribiko Udalak lasterketa. Esan bezala, norbere marka apurtzeko aukera pizgarri gutxi balitz, aurtengo lasterketa Euskadiko Txapelketa izango da ere.
Lehen egunetan 400 dortsal banatu zituztela jakinarazi ondotik, apirilaren 24 honetan 710 lagunek izena emana dute, eta apirilaren 25ean 20:00etan itxiko dute plazoa www.kirolprobak.com plataforman. Gehienez ere 800 korrikalarik parte hartu ahal izango dutela gogoratu du Mikel Leal antolatzaileak. Epea itxi artean 25 euro kostatuko du dortsalak, eta soberan geratuko balira, egunean berean izena ematea 30 eurokoa izango da.
Trafikoan eragina
Lasterketa goizeko 9:30ean hasiko da, eta azken korrikalariak 10:40etarako amaitzea espero dute. Goiz ematen dute irteera trafikoan ahalik eta eragin txikiena izateko. Lasterketa Minatera kaletik abiatuko da, Kirol Kaian, eta Portua auzotik barrena aireportuko errepidera heltzen da, handik Amutera jotzeko. Bueltako bidea Kosta kaletik egiten dute Santa Engrazira, eta Sabin Arana kaletik Portua auzoan sartu arte, Bernat Etxepare, Zuloaga eta Itsasargi kaleetatik, dena zuzen jotzen du gero Ramon Iribarren kaletik igaro, eta Foru kalea eta Kai Berriko azken muturreraino joanda, Kirol Kaian Minatera kalean amaituz.
Horiek horrela, herriaren luze-zabalean atondu dute hamar kilometroko zirkuitua antolatzaileek, beraz, igande goizean trafikoari lotutako aldaketak eta mozketak izango dira herrian. Udalak argitu duenez, horiek ahalik eta eragozpen gutxien sor ditzaten herritarrek mozketa puntu eta ordutegi nagusiak kontuan hartzeko eskatu du, aldez aurretik norbere ibilbidea egokitu ahal izateko.
Horren arabera, Alde Zaharrerako sarbidea moztuta egongo da, 09:25etik 10:00etara. Ramon Iribarrenen trafikoa erabat moztuko dute 09:45etik 10:20ra. Eta Hondarribiko sarbidea aireportuko errepidetik egingo den bitartean, Portu auzorantz, irteerako norantzan doan trafikoa Kosta kaletik bideratuko dute. Era berean, E21, E25 eta E27 Ekialdebuseko autobus zerbitzuetan ere eragina izango du.