Imad Zuhaitz Urrutia Espainiako txapeldun jauzi hirukoitzean
2026/03/11
Bidasoa Atletiko Taldeak asteburu bikaina bizitu du. Izan ere, 16 urtez azpiko eta Master mailetako Espainiako Txapelketan izan dira zenbait atleta, urrezko dominak, emaitza onak eta marka pertsonalak lortuz. Tartean, klubak Imad Zuhaitz Urrutiaren lehiaketa goraipatu du, Espainiako txapeldun bilakatu baita jauzi hirukoitzean.
Bidasoa Atletiko Taldeko atletek asteburu bikaina izan dute Espainiako Txapelketetan. 16 urtez azpikoa Salamancan jokatu en eta Master mailako berriz, Antequeran. Emaitzak bikainak izan ziren, txapeldunak, dominak, finalak eta marka pertsonalak ere lortu zituztelako kirolariek.
Klubak Imad Zuhaitz Urrutiaren emaitza goraipatu du batez ere, 16 urtez azpiko mailan, Espainiako txapeldun izan baitzen jauzi hirukoitzean. 13.87 metroko marka lortu zuen atleta gazteak, bere marka pertsonalik onena ere badene. Horrez gain, luzera jauzian parte hartu zuen Urrutiak eta 6.43 metroko jauziarekin, marka pertsonala lortu zuen bertan, brontzezko domina ere poltsikoratuz.
Maila berean, Adur Errazquin 1000 metroko lasterketako final nazionalean izan zen. 22. postuan sailkatuta hasi zuen txapelketa, baina finalerdietan hobera egin zuen 2:39.99ko denbora eginda eta finalera sailkatu zen honela, 16 urtez azpiko Gipuzkoako errekorra egin ondotik. Finalean, hamargarren izan zen, 2:41.71ko denborarekin, lehiaketa bikaina borobilduz.
Master mailako emaitzak
Master mailan Susana Ruizek, Isabel Hernandezek eta Victor Madejonek hartu zuten parte, hauek ere emaitza bikainak lortuz. Ruizek brontzezko domina eskuratu zuen F50 kategoriako 400 metroko lasterketan (1:07.26). Honez gain, F50 mailako 800 metroko lasterketan, laugarren izan zen podiumetik hurbil geratuz (2:44.53).
Hernandezek berriz, marka pertsonal onena lortu zuen F40ko 60 metroko lasterketan. Laugarren izan zen helmugan, 8.48ko denbora eginda. Maila bereko 200 metroko lasterketan ere parte hartu zuen korrikalariak eta bertan, hamargarren sailkatua izan zen, 29.49ko denborarekin.
Azkenik, Madejonek M55 kategoriako 800 metroko lasterketan hartu zuen parte, fisikoki minduta ailegatu baitzen txapelketara eta soilik modalitate horretan lehiatzeko parada izan zuen. Hala ere, lesioak baldintzatuta laster egin bazuen ere, proba 3:01.98ko denboran osatu zuen.
Hurrengo asteburuko hitzorduak
BATeko atletek hitzordu berriak izanen dituzte hurrengo asteburuan. Espainiako Txapelketekin segituko dute aitzinera. Alde batetik, Bartzelonan ospatuko den Espainiako Maratoi Txapelketan Jose Antonio Gomez de Arribak eta Jon Urtizbereak hartuko dute parte. Bertzalde, 18 urtez azpikoak ere Espainiako Txapelketan izanen dira proba desberdinetan parte hartzen: Naia Piquer (1500m), Hai Duong Alzaga (400m), Iker Piñeira (200m), Eñaut Arburua (200m) eta Iker Anaut (proba konbinatuan).