Imanol Gilek bi domina eskuratu ditu Toruneko Europako Master Txapelketan

2026/04/08
Isabel Hernandezek ere lan txukuna egin zuen lehiaketa berean eta, dominarengatik borrokatzeko aukerarik eduki ez bazuen ere, bere markarik onena lortu zuen Bidasoa Atletiko Taldeko atletak bi proba desberdinetan. Horrela, Europako Master Txapelketan ordezkaritza bikaina izan du Irungo klubak, emaitza politak bilduz eta lan ona eginez.
Imanol Gilek bi domina eskuratu ditu Toruneko Europako Master Txapelketan
Poloniako Torun hirian jokatu den Europako Master Txapelketan izan dira Super Amara BAT taldeko Imanol Gil eta Isabel Hernandez atletak. Maila handian ordezkatu dute Bidasoko kluba emaitza bikainak lortuz. Horietatik azpimarragarriena Gilek lortutakoa da, etxera bi domina garrantzitsu ekarri baitzituen: urrezko bat eta zilarrezko bertze bat. Imanol Gil, M35 kategorian, dominak lortzeko faboritoen artean iritsi zen Poloniara, eta aurreikuspenak bete zituen. Lehen bi kanporaketak erraz gainditu ondotik, martxoaren 30eko finalean bostgarren kaletik irten zen Gil. Garaipena eskura izan zuen Hallgeir norvegiarrarekin izandako buruz buruko estu batean, baina azkenean norvegiarra gailendu zen bi ehunenekorengatik soilik. Gilek 7,10eko denbora behar izan zuen zilarrezko domina ziurtatzeko. Apirilaren 2an bizi izan zuen BATeko atletak txapelketako unerik hunkigarriena. M35 kategoriako Espainiako selekzioarekin, Gilek urrezko domina eskuratu zuen final historiko batean. Taldeak hiru milisegundoko alde soil bategatik gainditu zuen Britainia Handiko laukotea (1.31.328), garaipen ikusgarria lortuz. Esfortzu pilatuaren ondorioz, 200 metroko proban ezin izan zuen %100ean lehiatu, baina hala ere 8. postu bikaina lortu zuen, denboraldiko bere markarik onena ezarriz (23,2 segundo). Bertzalde, Isabel Hernandezek, W40 kategorian, lan txukuna egin zuen baita ere, nahiz eta ez zuen aukerarik eduki dominengatik borrokatzeko. Hala ere, Hernandezek denboraldiko bere markarik onenak hautsi zituen bi probetan. Martxoaren 29an, bere lehen saioan, 4. postua lortu zuen 8,45 segundoko denborarekin, hurrengo txandarako sailkapenetik oso gertu geratuz. Martxoaren 31n berriz, 5. postuan bukatu zuen bere seriea, 28,95 segundoko markarekin. Super Amara BAT klubak bi atletak zoriondu nahi izan ditu Polonian erakutsitako maila eta esfortzuagatik, taldearen izena Europako elitean maila gorenean uzteagatik.