Irudek Bidasoa Irun Europan bidea egiten hasi da

2026/10/01
Talde irundarrak 39-37ko emaitzarekin garaitu zuen FH Hafnarfjordur talde islandiarra, ezin hobe hasiz EHF European Leagueko Multzo Fasea. Hasiera berdinduaren ondotik, lehen ordu laurdenetik aitzinera hasi zen etxeko taldea nabarmentzen. Markagailuan aurrea hartuta, bukaera bitarte aritu ziren abantailarekin eta errenta bost golera handitu bazuten ere, azkenik bi golekoarekin Europako Txapelketako lehen bi puntuak ere eskuratu zituen Alex Mozasen taldeak.
Irudek Bidasoa Irun Europan bidea egiten hasi da
IRUDEK Bidasoa Irun 39
37 FH Hafnarfjordur
Helburua betez hasi zuten atzo arratsean Irudek Bidasoa Irungo jokalariek EHF European Leagueko txapelketa. FH Hafnarfjordur talde islandiarra izan zuten Multzo Fase honetan lehen aurkaria eta 39-37ko emaitzarekin lehen bi puntuak Artalekun gelditu ziren. Hasiera berdindu baten ondotik, lehen ordu laurdenean lortu zuten bidasotarrek markagailuan aitzina hartzea eta, bukaera bitarte, horrela mantendu ziren, garaipena eskuratuz eta jardunaldiko helburuak betez. FH Hafnarfjordur taldea joko hobearekin kantxaratu zen partiduaren hasieran. Atezainak meritu handiko zenbait geldiketa egin zituen eta horrek, lehen minutu horietan neurketa parekatua izatea ekarri zuen. Bidasoak, poliki-poliki, bere lekua hartzen joan zen eta lehen ordu laurdenera ailegatuta, markagailuan aitzina hartzea lortu zuen lehen aldiz, zuloa ere irekiz (8-5, 14 min.). Abantaila hori bukaera bitarte mantendu zuten etxekoek eta atsedenaldira, 18-14koarekin iritsi ziren. Aldageletatik bueltan, Bidasoak bere bertsiorik onena erakutsi zuen. Islandiarrek defentsa sendoa kantxaratu zuten, baina etxekoek irtenbideak bilatu zizkioten honi eta emaitzan zuten errentari eustea lortu zuten honela. Bost golera handitu zuten abantaila lehen hamar minutuetan eta horrela mantendu zuten neurketa bukatzeko hamar minutu gelditzen ziren arte (34-29, 50 min.). Islandiarrek ez zuten amore eman eta partiduan sartuta aritu ziren etxekoen abantaila murrizteko lanetan, baina ez zen nahikoa izan berdinketa erdiesteko. Hala ere, tentsio momentuak bizitu ziren Artalekun markagailuko zuloa murriztea lortu zutelako bisitariek. Bi taldeen arteko aldea, bost golekoa izatetik, hiru golekoa izatera pasatu zen azken lau minutuetan. Bidasoak ongi kudeatu zuen urduritasuna momentu honetan eta azkenik, bi goleko abantailarekin irabazi zuen, 39-37ko behin-betiko markagailuarekin hain zuzen ere. Europako Txapelketako ibilbidea ezin hobe hasita, eta Multzo Faseko lehen bi puntuak ere poltsikoratuta, ASOBAL Ligako hitzorduei eutsi beharko die berriz Alex Mozasen taldeak. Horrela, larunbat honetan (urriaren 3an), bidasotarrek etxean jokatuko dute berriz ere eta bertan jasoko dute Cajasol Angel Ximenez Puente Genil taldea.