Irudek Bidasoa Irun Euskal Kopako garailea izan da harmagarren aldiz

2025/10/30
Amenabar Zarautz ZKE taldea izan zuten aurkari bidasotarrek atzo jokatu zen Euskal Kopako finalean. 27-37ko markagailuarekin talde irundarrarentzat izan zen garaipena eta horrela, Bidasoak hamargarren aldiz historian lortu zuen txapelketa honetan garaile izatea.
Irudek Bidasoa Irun Euskal Kopako garailea izan da harmagarren aldiz
Amenabar Zarautz ZKE 27
37 Irudek Bidasoa Irun

Irudek Bidasoa Irunek Euskal Kopako finalean garaipena lortu zuen atzo Amenabar Zarautz ZKE taldearen kontra. Neurketan nahiko parekatua hasi baziren ere, bidasotarrek lortu zuten aitzinetik jartzea eta abantaila horri eutsi zion bukaera bitarte. Azkenik, hamar goleko aldearekin irabazi zuen Alex Mozasen taldeak, Bidasoaren hamargarren titulua lortuz txapelketa honetan. 

Atzoko finalean jokalari gazteen protagonismoa nabarmendu zen, baita hauek egindako lan ona ere, nazioarteko selekzioen deialdiak baldintzatua baitzegoen bidasotarren taldea. Finala beraz, oso parekatua egon zen lehen minutuetan. Bi taldeek indarra erakutsi zuten kantxan, hala ere, Bidasoak lehen abantailak lortu zituen eta horri ongi eutsi zion lehen ordu erdian. David Faildek lan bikaina egin zuen atepean eta hori aprobetxatuta, markagailuan tartea irekitzen hasi zen talde bisitaria (8-11, 17. min). Horrekin guztiarekin, atsedenaldira hiru goleko aldearekin ailegatu zen talde irundarra, 14-17koarekin. 

Bigarren zatian, Bidasoak partidua erabat haustea lortu zuen, aldeko partziaka bata bertzearen ondotik kateatuta. Azken 15 minutuetan, aldea sei goletara ailegatu zen (20-26). Hori guti balitz, dinamika onean segituta, Alex Mozasen jokalariak geroz eta indartsuago agertu ziren kantxan eta hamarrera igo zuten euren abantaila, 27-37ko markagailuarekin behin-betiko garaipena lortuz azkenean. 

Horrela, Irudek Bidasoa Irunek bere historiako hamargarren Euskal Kopako txapeldunaren titulua lortu zuen, klubaren izena bertze behin Euskal Herriko eskubaloiaren historian iltzatuz. Honen ondotik, azaroaren 8ra arte atsedenaldia izanen du Bidasoak, nazioarteko hitzorduek baldintzatuta. Hurrengo neurketa Nexus Energia ASOBAL Ligakoa izanen da. Torrelavega bisitatu beharko du orduan talde irundarrak, 18:30ean.