Irudek Bidasoa Irun laugarren Superkopa Iberikoan

2026/09/07
Finalerdietan, Sporting taldearen kontra 29-31eko markagailuarekin galdu ondotik, hirugarren posturako lehian izan zen talde irundarra larunbat arratsaldean. Porto izan zuen aitzinean azken neurketa horretan eta 32-25eko emaitzarekin, brontzezko dominak ere ihes egin zion Alex Mozasen taldeari. Hala ere, itxura ona eman zuen Superkopa Iberikoan eta, aurredenboraldia borobilduta, entrenamendu onak eginez, ASOBAL Ligari hasiera emateko prest da.
Irudek Bidasoa Irun laugarren Superkopa Iberikoan
RFEBM
Superkopa Iberikoan lehiatu da Irudek Bidasoa Irun, lehen aldiz, asteburu honetan. Laugarren postuan sailkatu bada ere, itxura ona eman du tituluarengatik borrokan aritu ondotik. Ortziralean, finalerdiak egon ziren jokoan. Sporting izan zuen aitzinean talde irundarrak eta 29-31 markagailuarekin galdu zuen bertan. Biharamunean, hirugarren posturako lehian izan zen Portorekin batera eta hemen ere, 32-25eko emaitzarekin galduta, laugarren sailkatu zen azkenean. Finalean, Barça eta Sporting izan ziren aurrez aurre eta urrezko domina talde kataluniarrarentzat izan zen bostgarren aldiz jarraian. Irailaren 4an hasi zen Superkopa Iberikoaren lehia Vigon. Irudek Bidasoa Irunek lehen parte hartzea izan zuen asbeburuan bertan eta lehen neurketan, txapelketako finalerdietan, Sporting izan zuen aitzinean. Ezin hobe hasi zuen neurketa, abantaila lortuz eta atsedenaldira 15-11ekoarekin joanez. Hala ere, portugaldarrek maila igo zuten bigarren zatian eta markagailua iraultzea lortu zuten. Abantaila ez zen handia izan, baina nahikoa bidasotarrek porrot egiteko. 29-31eko emaitzarekin galdu zuten azkenean, finalerako txartela galduz ere. Brontzezko dominarengatik borrokan aritzea zen beraz, Bidasoaren hurrengo erronka. Biharamunean, larunbatean, Portoren kontra jokatu zuen hirugarren eta laugarren posturako partidua. Erritmo bizian hasi zen norgehiagoka eta lehen minutuetan parekotasuna izan zen nagusi. Hala ere, ordu laurdena igarota, portugaldarrak gehiago izan ziren eta aldea irekitzen hasi ziren, atsedenaldira 19-14koarekin joanez. Aldegeletatik bueltan, Bidasoak honi erantzuna eman nahi zion eta hortan saiatu zen. Hala ere, aurkariak aldea are gehiago handitu zuen eta, nekea nabari zenez, talde irundarrak ezin izan zuen gehiago egin brontzezko domina berreskuratu ahal izateko. Azkenik, 32-25eko emaitzarekin galdu zuen, itxura ona emanda Superkopa Iberikoan egindako lehen agerpenean. Barçak lortu zuen urrezko domina bostgarren aldiz segidan, Sporting-i 39-34 irabazi ondotik. Irudek Bidasoa Irun taldearen hurrengo hitzordua Nexus Energia ASOBAL Ligako lehen jardunaldia izanen da. Etxean hasiko du 2026/27ko denboraldia taldeak, Viveros Herol BM Nava taldearen kontra, 18:00etan.