Irudek Bidasoa Irun Lurraldea Gara Txapelketan txapeldunorde
2026/08/17
Nimes izan da Lurraldea Gara Txapelketaren lehen edizioko irabazlea, finalean Bidasoaren kontra 30-35eko markagailuarekin irabazita. Hirugarren postuan berriz, Limoges sailkatu zen, lehia hortan Billere taldeari 24-32 gainditu ondotik. Helburuak beteta, klub irundarrak antolatutako txapelketaren lehen edizioa arrakastatsua izan da eta, etorkizunera begira, oinarri sendoak ezarri ditu aitzinera egin ahal izateko.
Lurraldea Gara Txapelketaren lehen edizioa ospatu da asteburuan Angelun. Bidasoa, Billere, Nimes eta Limoges izan ziren lehian ortzirale eta larunbatean, eta horien artean, Nimes izan da urrezko domina poltsikoratu duena, finalean Bidasoari 30-35eko markagailuarekin irabazita. Hirugarren postuan Limoges sailkatu zen, lehian hortan Billere taldea 24-32 gaindituz. Ortziralean hasi zen ikuskizuna, larunbatean borobildu zuten, 500 ikusleren aitzinean eta horrela, aitzinera begira oinarri sendoan izanen dituen proiektua izanen dela uste dute antolatzaileek.
Bidasoa eta Billeren arteko partiduak ireki zuen Angelun ospatu zen txapelketa. Pareko indarra zuten bi talde izan ziren lehian azken unera arte eta emaitzak ere hori islatu zuen. Izan ere, gol bakarragatik lortu zuen Bidasoak garaipena (38-37) finalerako txartela poltsikoratzeko. Ondotik, Limoges eta Nimes izan ziren aurrez aurre eta antzeko ikuskizuna eskaini zuten kantxan. Markagailuan parekotasuna ageri zen eta azkenean, bi golengatik lortu zuen Nimesek irabaztea (29-31).
Larunbatean berriz, Bidasoa eta Nimesen arteko finala jokatu zen. Aitzinetik ordea, hirugarren eta laugarren posturako lehia jokatu zuten Limogesek eta Billerek eta kasu honetan, lehenbizikoak lortu zuen brontzezko domina, 24-32ko emaitzarekin irabazi ondotik. Finalean berriz, Nimesek hartu zuen neurketaren kontrola lehen zatiko bigarren ordu laurdenean eta atsedenaldira, hiru goleko aldearekin joan ziren bi taldeak (14-17). Bigarren zatian, borrokarako prest kantxaratu zen talde frantsesa eta zazpira igo zuen bere abantaila. Bidasoak ez zuen amore eman eta aldea murriztea lortu zuen azken minutuetan, nahiz eta ez zen nahikoa izan markagailua iraultzeko. Azkenik, 30-35eko emaitzarekin lortu zuen Nimesek garaipena eta Lurraldea Gara Txapelketaren lehen edizioaren urrezko domina eskuratzea.
Emaitzaz harago, I. Lurraldea Gara Txapelketak balantze oso positiboa utzi du Bidasoa Irunentzat. Klubak berak antolatu duen nazioarteko hitzorduak maila handiko taldeak bildu ditu, eta prestaketa fasean taldeari lehiakortasun handiko partidak jokatzeko aukera eman dio. Era berean, goi mailako eskubaloia zaleengana eta lurralde osora hurbiltzeko balio izan du txapelketak. Lehen edizio honek aurrerapauso garrantzitsua eman dio proiektuari eta sentsazio onak utzi ditu Lurraldea Gararen etorkizunari begira. Bidasoa Irunek antolatutako nazioarteko txapelketak bere lekua egiteko oinarri sendoak utzi ditu.