Irudek Bidasoa Irunek beharrezko garaipena lortu zuen atzo Artalekun

2025/11/19
Talde irundarrak 33-25eko markagailuarekin garaitu zuen atzo Saint Raphael talde frantziarra, EHF European Leagueko Multzo Faseko laugarren jardunaldian. Artalekun bildu ziren zaleek Europako arrats magiko berri bat bizi ahal izan zuten, Bidasoaren indarra gozatu eta garaipen zabala ospatzeaz gain. Multzo Fasean aitzinera pausu bat eman ondotik, azken neurketa jokatu beharko dute orain bidasotarrek, hurrengo fasera sailkatzeko azken saiakera izanen dena.
Irudek Bidasoa Irunek beharrezko garaipena lortu zuen atzo Artalekun
Irudek Bidasoa Irun 33
25 Saint-Raphaël Var Handball

Irudek Bidasoa Irunek 33-25eko markagailu zabalarekin garaitu zuen atzo Saint Raphael Artalekun. Europako arrats magiko horietako bat izan zen, zaleek etxeko taldearen nagusitasunaz gozatzeko eta emaitza ospatzeko aukera izan baitzuten. Bidasotarrak nagusi izan ziren partiduaren lehen minutuetatik eta emaitza euren alde mantendu zuten ordubetez. Lehen zatian tartean txikiagoak baziren ere, bigarren zatian abantaila handitu eta hamaika goleko tartea izatera ailegatu zen Alex Mozasen taldea. Garaipena zalantzan jarri gabe jokatu zuten, defentsan eta erasoan nahi zutena egiten, eta horrela, bertze bi puntu batu dituzte multzoko sailkapenera. 

Guztiz kontzentraturik kantxaratu ziren atzoko partiduan Bidasoako jokalariak. Indarrez ekin zioten lanari, garaipena eskuratzeko asmo garbia zutela, eta hori markagailuan islatu zen segidan (6-4, 10. min). Etxekoen defentsa sendoa ikusi ahal izan zuten Artalekura bertaratu ziren zaleek eta Saint Raphaeleko jokalariei kosta egin zitzaien erasorako tarteak aurkitzea. Bidasoako lehen lerroko jokalarien lana azpimarratu zen atzokoan, baita Leo Macielena ere, aurkarien aukera ia erdiak zapuztu baitzituen atezainak. Minutuak aitzinera joan ahala, gero eta handiagoa zen Bidasaoren abantaila eta horrela, bost goleko aldearekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira, 16-11koarekin. 

Bigarren zatian, dinamika on honen bukaeraren beldur ziren zaleak harmailetan, Saint Raphaelen oldarraldiaren esperoan batez ere. Hala ere, indar berarekin kantxaratu zen Bidasoa eta sei minututan, 5-1eko partziala egin zuen, garaipen aukerak geroz eta hurbilago edukita (21-12, 36. min). Etxekoen defentsak sendo jarraitzen zuen eta aurkariak aldiz, ez zuen arrisku gehiegirik sortu, ez bederen emaitza zalantzan jartzeko. Zaleek sutsuki babestu zuten talde horia eta indar horrekin hamaika goleko alde handiena lortu zuen Bidasoak, 32-21ekoa neurketa bukatzeko bortz minutu falta zirenean. Azkenean, zortzi goleko behin-betiko aldea lortu zuen Bidasoak, 33-25eko emaitzarekin irabazteko eta bi puntu gehiago batzeko Multzo Faseko sailkapenera, baita talde frantziarrari gol average-a irabazteko ere. 

Heldu den astean, azaroaren 25ean, Potaissa Turda jasoko du etxean Bidasoak Multzo faseko bostgarren eta azken jardunaldia jokatzeko. Garaipena lortu behar du talde horiak sailkapeneko bigarren postua eskuratzeko eta hurrengo fasera pasatzeko, baina dena bere alde du. Horren aitzinetik, entrenamendu saioa ere izanen den Nexus Energia ASOBAL Ligako partidua jokatuko du Alex Mozasen taldeak larunbat honetan, azaroaren 22an, Horneo Eon Alicateren kontra, Pitiu Rochel pabilioian (17:30).