Irudek Bidasoa Irunek bertze bi puntu eskuratu zituen Arandaren kontra

2025/12/09
Talde irundarrak 32-36ko markagailuarekin garaitu zuen Tubos Aranda Villa de Aranda taldea, pasa den larunbat arratsaldean. Lehen zatian aitzinetik izan ziren etxekoak eta hiru goleko abantaila ere lortu zuten. Bigarren zatian berriz, indarrez ekin zion talde horiak partiduari eta emaitza iraultzeko gai izan zen, lau goleko aldea lortuz, baita garaipena eta jardunaldiko puntuak ere.
Irudek Bidasoa Irunek bertze bi puntu eskuratu zituen Arandaren kontra
Tubos Aranda Villa de Aranda 32
36 Irudek Bidasoa Irun

Irudek Bidasoa Irunek 32-36ko markagailuarekin garaitu zuen, pasa den larunbat arratsaldean, Tubos Aranda Villa de Aranda taldearen kontra. Lehen zatian aitzinetik jarri ziren etxekoak eta hiru goleko abantaila ere lortu zuten, garaipena kolokan jarriz talde horiarentzat. Hala ere, bigarren zatian, erritmoa bizitu zuten bisitariek eta emaitza iraultzeko gai izan ziren. Lau goleko errenta lortuta, garaipena bidasotarrentzat izan zen azkenik eta jardunaldiko bi puntuak ere poltsikoratu zituzten honela. 

Neurketaren lehen minutuetan Tubos Aranda taldearen erritmo bizia izan zen nagusi. Gol truke etengabea izan zuten bi taldeek eta eraginkorrak izan ziren gainera. Hala ere, etxekoek lortu zituzten lehen abantailak eta euren alde zuten markagailua (10-8, 16. min), Alex Mozas bidasotarren entrenatzaileari hutsartea eskatzera behartu zuena. Honen ondotik, bisitariek erantzun eta emaitza berdintzeko gai izan ziren, 13-13koa ezarriz. Etxekoek berriz, amore eman gabe segitu zuten indarrez eta berriz ere, 3-0eko partziala eginez, aldea handitu zuten (16-23). Lehen zatiko azken minutuak modu berean iragan ziren eta hiru goleko alde horrekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira, 19-16koarekin. 

Bigarren zatian, Bidasoa alde horri buelta emateko asmo garbiarekin kantxaratu zen eta lortu ere. Lehen minutuetan, 4-8eko partzialari esker, talde horia aitzinetik jarri zen markagailuan eta partidua kontrolpean edukitzen hasi zen (23-25). Tubos Arandak berriz, ez zituen besoak jeitsi eta 3-0eko partziala egin zuten, emaitza euren alde jartzeko bigarren ordu laurdenerako (27-26). Edonola ere, aldea ez zen handiegia eta berriz ere abantaila eskuratzeko prest zegoen Bidasoa. Hurrengo minutuetan ordea, akatsak pilatu zitzaizkion taldeari, baina gai izan zen berdinketa mantentzeko (32-32, 55 min.). Azken jokaldietan dena emateko prest azaldu zen Alex Mozasen taldea eta horrela, 0-4ko partzial bati esker, garaipena ziurtatzeko aldea lortu zuten bidasotarrek eta behin-betiko 32-36ko markagailua eskuratu ere. 

Jardunaldiko bi puntuak poltsikoratuta, Nexus Energia ASOBAL Ligako bigarren garaipena segidan lortu du taldeak eta sailkapaneko laugarren postuan kokatu da, 17 punturekin guztira. Hurrengo hitzordua Euskal Kopako finalerdia zuen Bidasoak, IlCapo Hondarribia taldearen kontra, baina partidua gibeleratu dute. Datozen egunotan jakinaraziko dute zein izanen den finalerdi honen data berriz. Horrela beraz, ortziralean (abenduaren 12an), jokatuko du talde irundarrak ASOBAL Ligako hurrengo jardunaldia, Frigorificos del Morrazo taldearen kontra Artalekun (20:30).