Irudek Bidasoa Irunek denboraldiko azken helburua lortu du eta Europako taldea da
2026/06/08
Talde irundarrak Europako Txapelketan egoteko txartela eskuratu du, denboraldiko azken helburua lortuz eta denboraldi ona borobilduz. Errege Kopa izan da bidasotarren azken hitzordua eta finalera iristea zuten begiz jota. Pentsatu eta egin, Torrelavega eta Bada Huesca gaindituta, finalera ailegatu zen eta Barçaren kontra neurtu zuen indarra. Bi taldeek ere garaipena lortu zuten, talde kataluniarrak lortu baitzuen titulua eta Bidasoak Europan egotea.
Denboraldiko azken hitzordua ere osatu du Irudek Bidasoa Irunek. Errege Kopa jokatu zen Alacanten eta bidasotarren azken helburua bertan zegoen jokoan, Europako Txapelketan egoteko txartela hain zuzen ere. Horretarako, Alex Mozasen taldea finalera ailegatu behar zen eta hori bera lortu zuen. Torrelavega eta Bada Huesca gaindituta, txapelketako azken fasera ailegatu zen eta Barçaren kontra porrot egin bazuen ere, Alacantetik Europarako txartelarik poltsikoan bueltatu zen talde irundarra.
Errege Kopako finalean egoteko, Bidasoak bi partidu gogor gainditu behar zituen aitzinetik. Ortziralean Torrelavegaren kontrako final laurdenak jokatu zituen eta 32-26ko emaitzarekin irabazi ondotik, finalerdietara igaro zen talde irundarra. Bigarren neurketa errazagoa izan zen bidasotarrentzat. Bada Huesca zuen aitzinean eta 30-37ko emaitzarekin irabazi zuen hor ere. Horrela, Alex Mozasen jokalariek asteburuko helburua betea zuten: finalean egotea eta Europarako sarbidea poltsikoan edukitzea. Finaleko partidua zailagoa izan zen, Barça handia izan zuelako aitzinean, baina galtzekorik deus ez zuela kantxaratu zen Bidasoa.
Erritmo bizia ezarri zuen hasieratik Bartzelonak eta segidan ireki zuen tartea markagailuan, neurketa eta Errege Kopako titulua bideratua utzita. Bidasoari kosta egin zitzaion lehen gola sartzea, behin eta berriz egin baitzuen topo atezainarekin. Horrela, atsedenaldira, 8-20ko markagailuarekin ailegatu ziren bi taldeak. Bigarren zatian, bide beretik joan zen partidua. Barçak bere nagusitasuna erakutsi zuen eta aldea etengabe handitzen joan zen, bidasotarrei aukerarik eman gabe. Azken minutuetan, kataluniarrek ongi kudeatu zuten errenta eta azkenik, 17-37ko emaitzarekin bukatu zen Errege Kopako finala, bertze urte batez Barça izanda garaile.
Bidasoak ere garaipena eskuratu zuenaren sentsazioa izan zuen partiduaren bukaeran. Izan ere, helburua finalera ailegatzea zen eta hori lortuta bukatu zuen denboraldia, Europako Txapelketan jokatzeko txartela ere eskuan hartuz.