Irudek Bidasoa Irunek denboraldiko etxeko azken partidua jokatuko du bihar
2026/05/21
Talde irundarrak Granollers jasoko du bihar, maiatzaren 22an, Artalekun (21:00). Nexus Energia ASOBAL Ligako azken aurreko jardunaldia izanen da, etxeko azkena. Zaleen aitzinean azken aldiz jokatzeko hitzordu paregabea da bi talde hauen artekoa, lehia bizia espero baita, bi taldeek ere helburu bera dutelako begiz jota: sailkapeneko bigarren postua.
Irudek Bidasoa Irunek Granollersen kontrako partidua jokatuko du bihar, maiatzaren 22an, 21:00etan Artalekun. Nexus Energia ASOBAL Ligako azken aurreko jardunaldia izanen da, azkena etxeko zaleen aitzinean. Horrela bada, berezia izanen da biharko hitzordua, ez baita nolanahiko neurketa izanen. Bidasoa eta Granollersen artekoak beti irrikaz espero dituzte ikusleek eta horri biek bizi duten egoera gehitu behar zaio. Bi taldeek ere helburu bera baitute denboraldiko azken txanpa honetan: sailkapeneko bigarren postuan bukatzea.
Sailkapeneko egoerari begia kenduta ere, Alex Mozas entrenatzaileak biharko partidua “ASOBAL Ligako hoberena” dela iritzi dio. Ondotik gehitzen zaio honi bi taldeek momentu honetan bizi dutena. “Granollers talde oso handia da. Europako Main Round-ean egon da aurten eta aukerekin gainera. Irabaztera etorriko da hona, bigarren izateko aukerak eduki ahal izateko”, gaineratu du. Hitzordu honen aitzinean, hala ere, taldea lasai dagoela jakinarazi du prestatzaileak: “Jokalariak ez daude urduriegi. Egia da inguruak eragiten duela, baina gure artean hitz egin dugu lasai egon behar garela, partidu bat gehiago dela. Neurketa luzea izanen da, momentu on eta txarrekin. Egonkor mantendu behar gara eta gure jokoaren ideia argi eduki”.
Hain zuzen ere, hori izanen da biharko neurketaren gakoetako bat. Mozasek gehitu du “azken aldian ditugun baloi galeren zenbakiekin segitzea” garrantzitsua izanen dela. Horrez gain, “lasterka egiteko aukera kendu” behar zaio aurkariari entrenatzailearen erranetan, “defentsan deseroso sentitu eta euren gola sahiestu”. Horretarako, talde irundarrak prestakuntza ezin hobea izan duela ere onartu du madrildarrak: “Karga handiko hiru saio egin ditugu eta jendea motibatuta dago. Prest gaude biharko eta konfiantza dugu. Ni oso kontent nago prestakuntza honekin”.
Bi taldeek ere helburu berak dituzte biharko hitzorduan: irabazi, puntuak atera eta sailkapeneko bigarren postura hurbildu. Kontuan izanik Granollers “talderik onenetakoa dela”, bidasotarrek euren formari behatuko diote eta lasai kantxaratuko dira etxean, jakinda egin beharreko lan guztia eginda dagoela dagoeneko.