Irudek Bidasoa Irunek Europako ibilbidea hasiko du bihar Artalekun
2026/09/29
Bidasotarrek FH Hafnarfjordur talde islandiarra hartuko dute bihar, irailaren 30ean, Artalekun (20:45), EHF European Leagueko Multzo Faseari hasiera emateko. Txapelketaren formatu berria ere estreinatuko da honela, denboran gehiago luzatuko den fasearekin. Edonola ere, helburua garbia eta iazko bera da talde irundarrarentzat: irabaztea eta hurrengo fasera sailkatzea.
Irudek Bidasoa Irunek EHF European Leagueko Multzo Faseari hasiera emanen dio bihar, irailaren 30ean, Artalekun (20:45), FH Hafnarfjordur talde islandiarraren kontra jokatuko duen lehen jardunaldiarekin. Bidasotarrak prest daude erronka berri honi aitzin egiteko eta helburu berriei ere eusteko. Iazko bera izanen da hau, lehen partidutik irabaztea, hurrengo fasera sailkatu ahal izateko. Hasiera batean, hori egiteko aproposa den multzoan egotea egokitu zaio talde irundarrari, nahiz eta kalitate handiko aurkariak ere edukiko dituenaren jakitun izan.
FH Hafnarfjordur talde islandiarra etorriko da bihar Artalekura. Bidasoako jokalariak, baita zaleak ere, prest daude Europako ibilbideari hasiera emateko eta gogoz eginen diote harrera aurkariari. Alex Mozas entrenatzaileak aipatu duenez, Europan egotea beti da “amets bat” eta aurtengo denboraldian, baita biharko partiduan ere, “Bidasoaren historiari keinu bat” egitea da asmoa, berriz ere “txapelketa honetako talderik onenetakoen artean” egoteko saiakera eginez.
Hori izanen da, hain zuzen ere, Bidasoak bihar izanen duen helburu nagusia: irabaztea. Mozasek onartu du “multzo tranpatia” egokitu zaiela hori lortzeko. Hasiera batean, berekin batera Multzo Fasea jokatuko duten taldeak ez baitira “izen handikoak”, baina aldi berean, “talde oso onak” direla azpimarratu du. Biharko neurketa beraz, nahitaez irabazi beharrekoa dela aipatu du: “Partidu hau irabazi behar dugu nahitaez, bertzela hurrengo fasean egotea zailduko zaigu”. Horretarako, zaleen babesa ezinbertzekoa izanen da entrenatzailearen iritziz.
Giroa egonen dela, hala ere, argi du prestatzaileak eta hori gakoa izanen da Bidasoako jokalarientzat, ez hainbertze aurkariarentzat. Mozasek erran duenez, “ez giroak, ez emaitzak, ezta aurkariaren indarrak ere” ez ditu islandiarrak kikiltzen, baina garrantzitsua izanen da etxekoentzat partiduan sartuta egoteko. Hafnarfjordur taldeko jokalariek argi dute Artaleku eszenatoki gogorra dela, historia handikoa, eta hain jokalari gazteentzat “esperientzia ederra” izanen dela argi du, hori bizitzera etorriko direla.
Alex Mozasen nahia garaipena eskuratzea izanen da eta “aurkariak arerio gogorraren kontra galdu duela oroitzea”. Hala ere, jakin badaki ez dela erraza izanen islandiarrak mendean hartzea, “gazteak” izateaz gain, “bakarka kalitate handiko jokalariak” direlako, “desorekatzen dutenak eta joko zuzenarekin” aritzen direnak. Hau guztia kontuan hartuta, beldurrik gabe ariko da bihar Bidasoa Artalekun, jakinda maila handiko taldea dela bera ere, eta garaipena posible dela.