Irudek Bidasoa Irunek garaipen batekin borobildu du ASOBAL Liga

2026/06/01
Talde irundarrak 30-36ko markagailuarekin garaitu zuen atzo REBI Balonmano Cuenca, Nexus Energia ASOBAL Ligako azken jardunaldian. Honela, sailkapeneko laugarren postuan bukatu du, 42 punturekin guztira. Denboraldia ongi bukatzeko, azken hitzordu bat gelditzen zaie Alex Mozasen mutilei, Errege Kopa, eta dagoeneko horri begira ari dira, Torrelavegaren kontrako lehen partiduari hain zuzen ere.
Irudek Bidasoa Irunek garaipen batekin borobildu du ASOBAL Liga
REBI Balonmano Cuenca 30
36 Irudek Bidasoa Irun
Irudek Bidasoa Irunek 30-36ko markagailuarekin garaitu zuen REBI Balonmano Cuenca atzo, Nexus Energia ASOBAL Ligako azken jardunaldian. Azken denboraldietan El Sargal kantxan ezin punturik batu aritua zen talde bidasotarra eta, oraingo honetan, bolada horri bukaera ematea lortu du. ASOBALeko konpromisoak ere borobildu ditu honela talde irundarrak, sailkapeneko laugarren postuan kokatuz behin-betiko, 42 punturekin guztira. Orain azken hitzordu bat gelditzen zaie bidasotarrei, Errege Kopa hain zuzen ere. Neurketa Bidasoak lortutako abantaila txiki batekin hasi zen eta, lehen ordu laurdena pasatuta, errenta hori mantentzen segitzen zuen Alex Mozasen taldeak (6-8). Poliki-poliki joko hobea erakusten hasi ziren, erritmo berari eutsiz, eta defentsan eta kontraerasoan fin ibiliz. Horrela, markagailuko aldea gehiago handitu zuten (13-16, 25 min.). Horrek Cuencari hutsartea eskatzera behartu zion, baina ez zuen bisitarien dinamika ona eteteko balio izan. Azken minutuetan, Macielek egindako geldiketei esker, atsedenaldira 15-19ko emaitzarekin joatea lortu zuten irundarrek. Bigarren zatian ere indartsu kantxaratu zen Bidasoa. Segidan, 2-5ko partziala lortuz, 18-24koa ezarri zuen markagailuan, nagusitasun gero eta sendoagoa erakutsiz. Cuenca honi erantzun bat ematen saiatu zen eta tarte hori zertxobait murriztea ere lortu zuen, baina talde irundarrak neurketaren kontrola berreskuratu eta aldeko bertze partzial bat eginez, etxekoen aukera guztiak zapuztu zituen, azken hamar minutuetan 24-30ekoa ezarriz. Horrela bada, azken jokaldiak ongi kudeatuta, ASOBAL Ligako hitzorduak garaipen batekin borobildu zituen talde bidasotarrak, 30-36ko behin-betiko markagailuarekin. Horrez gain, hiru hamarkadaz El Sargalen irabazi ezinik egon ondotik, bolada horri ere bukaera eman zion. Honen ondotik, azken hitzordu bat izanen du Bidasoak asteburu honetan, Errege Kopa. Ortziralean, ekainaren 5ean, final laurdenak jokatuko ditu lehenbizi, Bathco BM Torrelavegaren kontra (16:00).