Irudek Bidasoa Irunek garaipen garrantzitsua lortu zuen Alicanteren kontra

2026/04/20
Talde irundarrak 38-35eko markagailuarekin garaitu zuen Horneo Eon Alicante, pasa den larunbatean Artalekun. Urrezko bi puntu batu zituen honela sailkapenera, denboraldiko azken txanpa honetan sailkapeneko goiko postuetara begira jartzeko. Garaipen honek, gainera, indarra eman dio taldeari asteazken honetan Puente Genilen kontrako Errege Kopako hirugarren kanporaketari aitzin egiteko.
Irudek Bidasoa Irunek garaipen garrantzitsua lortu zuen Alicanteren kontra
Irudek Bidasoa Irun 38
35 Horneo Eon Alicante
Irudek Bidasoa Irunek 38-35eko markagailuarekin garaitu zuen Horneo Eon Alicante, pasa den larunbatean Artalekun. Hasieratik erakutsi zuen talde horiak garaipena eskuratu nahi zuena eta horrela izan zen. Bi puntuak batuta, sailkapeneko laugarren postura igo dira irundarrak eta bi puntu bakarrera du bigarren postua, aurtengo denboraldiko helburu nagusia izanen dena. Hasieratik nabarmendu zen Bidasoa Artalekun eta intentsitate handiz aritu zen lehen minutuetan, bai erasoan, baita defentsan ere. Markagailuan islatu zen berehala hori, talde horiak abantaila polita hartu baitzuen lehen ordu laurdenerako (11-7). Bisitariek ez zuten amore eman, baina zaila egin zitzaien etxekoen indarra parekatzea. Erasoan fin ibili ziren eta atepean sendo. Horrela, bortz goleko aldea lortu zuten atsedenaldira, 20-15eko emaitzarekin. Bigarren zatian, modu berean kantzaratu zen Bidasoa eta markagailuko aldea handitzen segitu zuen. Bortz goleko aldea mantentzen jakin zuen, Alicantek martxa bat gehiago jarri zuen arte. Azken ordu laurdenean partidu bete-betean sartu zen aurkaria eta bi golera murriztu zuen aldea, neurketa bukatzeko zazpi minutu gelditzen zirenean (33-31). Alex Mozasen jokalariek ez zituzten besoak jeitsi eta lanean segitu zuten garaipena atxikitzeko. Horrela, azkenean, 38-35eko behin-betiko emaitzarekin bukatu zen partidua, bi puntuak Artalekun geldituz. Garaipen honek indarra eman dio talde horiari, asteazkenean (apirilaren 22an), Puente Genilen kontrako Errege Kopako hirugarren kanporaketari aitzin egiteko (20:30).