Irudek Bidasoa Irunek garaipena eskuratu zuen Huerta del Rey kantxan

2026/04/27
Talde irundarrak 33-36ko markagailuarekin garaitu zuen Recoletas Atletico Valladolid. Lehen zatian hobeto aritu ziren etxekoak, baina bigarren zatian bidasotarrek euren lekua hartu eta errenta zabaldu zuren emaitzan. Nagusitasun horri eutsiz, hiru goleko aldearekin irabazi zuten azkenean, jardunaldiko bi puntuak poltsikoratuz eta denboraldiko helburuari gerturatuz.
Irudek Bidasoa Irunek garaipena eskuratu zuen Huerta del Rey kantxan
Recoletas Atletico Valladolid 33
36 Irudek Bidasoa Irun
Irudek Bidasoa Irunek 33-36ko markagailuarekin irabazi zuen Recoletas Atletico Valladolid taldearen kontra. Lehen zatian etxekoak izan ziren nagusi, nahiz eta atsedenaldira bidean, aurrea hartu zuten bidasotarrek. Bigarren zatian, errenta handitu eta garaipena bereganatu zuten Alex Mozasen jokalariek, denboraldi helburu nagusia ere gertuago sentituz. Neurketa erritmo bizian hasi zen, bi taldeek ere garaipena eskuratu nahi zutela erakutsiz. Gol-trukean aritu ziren lehen minutuetan eta hori markagailuko berdintasunean nabaritu zen (6-6, 10 min.). Hurrengo minutuetan ordea, Bidasoak zehaztasun faltak izan zituzten eta Valladoliden ongi aprobetxatu zuen hau aitzinetik jartzeko (11-9, 16 min.). Talde bisitariak segidan erantzun zuen eta emaitza iraultzeko gai izan ziren, atsedenaldira bidean berriz ere nagusitasuna lortuz (14-15, 25 min.). Indarrak parekatu zituzten bi taldeek lehendabiziko zatiko azken minutuetan, baina Rodrigo Salinasen azken golarekin, 16-17koarekin joan ziren aldageletara. Bigarren zatian, bidasotarrak defentsa sendo batekin kantxaratu ziren, errenta handitzeko asmo garbiarekin. Horrela, aldea zabaltzea ere lortu zuen lehen hamar minutuetan (19-22). Etxekoek erantzun eta aldea murriztu zuten segidan, baina Bidasoak bere alderik onena erakutsi zuen orduan, eta bere minutu onenak izan zituen. 2-7ko partzial bati esker, garaipena ia erabakita utzi zuen errenta zabala eskuratu zuen Alex Mozasen taldeak (22-29, 45 min.). Azken minutuetara bitarte iraun zuen talde irundarraren nagusitasunak eta Valladolid hurbildu bazen ere, ez zuen aukerarik eduki markagailua berdintzeko. Azkenean, 33-36ko emaitzarekin lortu zuen talde horiak garaipena, jardunaldiko bi puntuak ere poltsikoratuz. Denboraldiko helburu nagusian aurrerapausu bat eman du talde irundarrak, sailkapeneko hirugarren postuan kokatuz. 36 puntu ditu orain guztira eta bi puntu eskasera du bigarren postua, orain Logroño La Rioja taldeak okupatzen duena. Heldu den larunbatean, maiatzaren 2an, Bidasoak Tubos Aranda Villa de Aranda jasoko du etxean, Artalekun, 16:30ean.