Irudek Bidasoa Irunek garaipenaren bidea hartu du berriz ere

2025/11/24
Talde bidasotarrak 32-33ko markagailuarekin garaitu zuen larunbatean, azaroaren 22an, Horneo Eon Alicante taldea. Alex Mozasen mutilak aitzinetik izan ziren ordubete guztian zehar, nahiz eta lau golekoa izan zen lortu zuten tarterik handiena. Etxekoek amore eman gabe jokatu zuten, aldeak murrizteko helburuarekin, eta hau erdiesteko gai ere izan ziren, nahiz eta gol bakarreko aldeari ezin izan zioten aurre egin eta puntuak bisitarientzat izan ziren.
Irudek Bidasoa Irunek garaipenaren bidea hartu du berriz ere
Horneo EON Alicante 32
33 Irudek Bidasoa Irun

Irudek Bidasoa Irunek 32-33 irabazi zuen larunbatean, azaroaren 22an, Horneo Eon Alicante taldearen kontra. Gol bakarreko aldearekin garaitu zuen aurkaria, baina hala ere, bi puntu baliotsu lortu zituen talde horiak Nexus Energia ASOBAL Ligako hamargarren jardunaldian. Markagailuan aitzinetik izan ziren beti Alex Mozasen mutilak eta alde minimoagatik izan bazen ere, bi puntuak poltsikoratu zituen talde bidasotarrak. 

Guztiz kontzentratuta kantxaratu ziren larunbatean Bidasoako jokalariak Pitiu Rochelen. Defentsa sendoa erakutsi zuten eta hor oinarritu zuten euren jokoa. Lehen abantailak ere lortzen hasi ziren segidan eta hiru golera handitu zuten aldea lehen hamar minutuan pasatuta, (6-9, 12. min). Etxekoek erantzun azkarra eman zioten honi eta hurrengo hamar minutuetan emaitza berdintzea lortu zuten, 12-12koa ezarriz, atsedenaldira bidean. Lehen zatiko azken minutuetan hartu-emanean aritu ziren bi taldeak eta erasoan ere fin ibili ziren.   Aldageletara joan aitzinetik, azken aukera izan zuen Bidasoak markagailuan aurretik joateko eta hori ongi aprobetxatu zuen, 17-18koa bere alde jarriz. 

Bigarren zatian modu beretsuan kantxaratu ziren bi taldeak. Bidasoak bere sendotasuna erakutsi zuen hasieratik eta segidan hasi zen markagailuko aldea handitzen. 24-27koa lortu zutenean, etxeko entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen bisitarien erasoak gelditzeko asmotan. Hala ere, Alex Mozasen taldea ez zen gelditu eta partiduak aitzinera egin ahala, 0-4ko partziala lortu zuen, 24-31koa lortuz, Skrzyniarz atezain bikainak gidatuta. Etxekoek ez zuten etsi eta, lehen zatian gertatu bezala, bigarren ordu erdian ere aldea murriztea lortu zuten azken hamar minuturen faltan. Bi golera hurbildu zen Alicante, 28-30koarekin, eta bidasotarrak indarrez jokatzera behartuak izan ziren. Azken bost minutuetan, 30-31koa zegoen markagailuan eta irekia zegoen garaipena. Dariel Garcia argi ibili zen orduan, baloi bat lapurtuz, baina hau gauzatu ezinik gelditu zen eta beraz, aurkariak izan zuen berriz ere aukera erabakigarria. Neurketa azkenik, denboraz kanpoko jaurtiketa batekin erabaki zen, Skrzyniarzek ongi gelditu zuena eta beraz, 32-33ko emaitzarekin, Bidasoari garaipena eman ziona.

Garaipenaren gozamenean gehiegi gelditu gabe, Irudek Bidasoa Irunek biharko neurketari heldu dio segidan. Bihar, azaroaren 25ean, EHF European Leagueko Multzo Faseko bortzgarren jardunaldia jokatuko baitu talde bidasotarrak, Artalekun, AGC Potaissa Turdaren kontra (20:45).