Irudek Bidasoa Irunek gaur bisitatuko du Limoges Europako Txapelketako Multzo Faseko hirugarren jardunaldia jokatzeko
2026/10/13
FH Hafnarfjordurren kontra garaipena eskuratu eta Maritimo Da Madeiraren aitzinean porrot egin ondotik, Limoges taldea frantsesa bisitatuko dute gaur Alex Mozasen mutilek. Multzo Faseko B taldeko liderra da orain Limoges, bi partiduetatik bitan garaipena eskuratu ondotik. Neurketa zaila izanen da aurreikusi dute bidasotarrek, baina puntuak batzea posible izanen dela ziurtatu dute. Partidua 20:45ean hasiko da.
Irudek Bidasoa Irunek, ASOBAL Ligako Proin taldearen kontrako garaipena guztiz dastatu gabe izanda, Limoges taldearen kontra neurtu beharko ditu indarrak gaur 20:45ean. EHF European Leagueko Multzo Faseko hirugarren jardunaldia izanen da eta B multzoko liderraren kontra jokatu beharko du talde irundarrak, islandiarren eta portugaldarren kontra garaipen bana eskuratu ondotik. Bidasotarrek ere aurkari berberak izan ditu azken bi asteetan eta islandiarren kontra gailendu bazen ere, portugaldarren etxean porrot egin zuen. Orain garaipena ia ezinbertzekoa zaie.
Alex Mozas entrenatzaileak onartu duenez, Limoges-en kontrako neurketa zaila izanen da: “Talde oso indartsua da eta ondo hasi da Europan jokatzen, baita Ligan ere. Partidu ona jokatu beharko dugu bertan, baina uste dut hori egin dezakegula”. Sinetsita dago beraz, Bidasoa aurkariari behar bezala aurre egiteko gai dela, are gehiago Proin taldearen kontrako garaipenaren ondotik. Edonola ere, Europako Madeiraren kontrako azken jardunaldian porrot egin zuen eta orain, sailkapena estu dagoenez, hurrengo fasera pasatzea zaildu zaio bidasotar taldeari.
Irabaztea ia ezinbertzekoa zaie gaurkoan, baina lasaitasun osoarekin kantxaratuko dira, zer egin behar duten argi dutela. “Defentsan oso onak dira beraiek, nahiz eta trantsizioetan erritmo apalagoa eduki. Hor saiatu beharko gara gu, gol errazak sartzen ahalegindu behar baikara. Hori izanen da gakoa: gure defentsa sendoa kantxaratu beraien kontraerasoetan eta gure erasoak argiak izan daitezen saiatu”, aitortu du entrenatzaileak. Nahiz eta Limoges ongi ezagutzen duten taldea izan, aurtengo denboraldian berritu dela ere jakinarazi du Mozasek: “Ez da talde berbera, baina jokoaren ideia bera du. Fitxaketa berriak ditu eta Ligan eta Europako Txapelketan ongi hasi dira. Talde berri hortara egokitu beharko gara”. Pentsamendutik ekintzara pasatzea bertzerik ez zaie gelditzen Bidasoako jokalariei. Garaipena eskuratzea izanen dute helburu eta horretarako, badakite dagoeneko zer duten eginbeharra.