Irudek Bidasoa Irunek irailaren 30ean hasiko du EHF European Leagueko Multzo Fasea

2026/08/13
EHF European Leagueko gizonezkoen txapelketaren formatu berria estreinatuko duen lehen partidua FH Hafnarfjordur taldearen kontrakoa izanen da. Artalekun jokatuko dute, 20:45ean. Lehen fase hau abenduaren 1ean bukatuko da, berriz ere Artalekun, Maritimo de Madeira taldearen kontrako neurketarekin.
Irudek Bidasoa Irunek irailaren 30ean hasiko du EHF European Leagueko Multzo Fasea
Irudek Bidasoa Irunek badaki zein izanen den EHF European Leagueko Multzo Faseko egutegia. Bidasotarrek Artalekun ekinen diote Europako ibilbideari, FH Hafnarfjordur taldearen kontra, irailaren 30ean (asteazkena) 20:45ean. Lehiaketak Irungo taldea Marítimo de Madeira eta Limoges Handball taldeen kontra ere jarriko du, abenduaren 1era arte luzatuko den fasean. Europako estreinalditik astebetera ailegatuko da lehen bidaia. Urriaren 6an, asteartean, IRUDEK Bidasoa Irunek Marítimo de Madeira bisitatuko du. Astebete geroago, urriaren 13an (asteartea), bidasotarrek etxetik kanpo bigarren partida segidan izanen dute, Limoges Handballen aurka. Lehiaketa azaroan bueltatuko da Artalekura. Azaroaren 17an, asteartean, IRUDEK Bidasoa Irunek Limoges Handball hartuko du, eta azaroaren 24an, asteartean, FH Hafnarfjordur taldearen kantxan jokatuko du. Multzo Fasea abenduaren 1ean bukatuko da Artalekun, Marítimo de Madeiraren kontrako neurketarekin. EHF European Leagueko formatu berria 2026/27 denboraldian gizonezkoen EHF European League-ak formatu berria estreinatuko du. Lehiaketak 48 taldetik 32ra izatera pasatuko da, aurreko kanporaketak ezabatuz eta zuzenean Multzo Fasearekin hasiz. Zortzi multzotan banatuko da lehiaketa eta bakoitzean lau talde egonen dira. Talde bakoitzak sei partida jokatuko ditu, multzoko hiru aurkarien kontra, etxean zein etxetik kanpo arituz. Multzoen Fasea irailetik abendura bitartean luzatuko da, honako jardunaldi hauekin: irailaren 29-30ean, urriaren 6an eta 13an, azaroaren 17an eta 24an, eta abenduaren 1-2an. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek zuzenean lortuko dute final-zortzirenetarako txartela. Bertan, Machineseeker EHF Champions Leagueko hirugarren eta laugarren sailkatuak ere sartuko dira lehian. Une horretatik aurrera, EHF Finals-etarako bidea hasiko da, bertan erabakiko baita Europako txapelduna. IRUDEK Bidasoa Irunek ilusioz ekinen dio Europako bertze parte-hartze bati, maila gorenean berriro lehiatzeko konbentzimenduarekin eta Artalekuri Europako eskubaloiaren gau magiko berriak eskaintzeko helburuarekin, kontinenteko talde onenetako batzuen aurka.