Irudek Bidasoa Irunek landutako garaipena lortu zuen atzo Errumanian
EHF European Leagueko Multzo Faseko lehen jardunaldia jokatu zuten atzo AHC Potaissa Turdak eta Irudek Bidasoa Irunek Errumanian. Bidasotarrek bazekiten neurketa zaila izan zitekeela eta lan gogorra egin beharko zutela garaipena eskuratu ahal izateko. Aurreikuspenak bete eta azken minutura arte borrokatu behar izan zuen Alex Mozasen taldeak irabazteko eta fase berri honetako lehen puntuak erdiesteko. Neurketa parekatua izan zen eta azken jokaldietan erabaki zen garaipena, talde irundarrarentzat izan zena. 33-34ko emaitzarekin irabazi zuen talde irundarrak, orain arteko dinamika onari segida emanez.
Lehen zatiaren hasieratik bi taldeen defentsa sendoek hartu zuten neurketaren protagonismoa. Etxeko taldeak gehiago asmatu zuen gainera erasoan eta lehen abantailak ere lortu zituen hamargarren minuturako (6-4). Edonola ere, Bidasoak ez zuen norabidea galdu eta gibeletik, hurbil, segitu zuen. Erasoan eraginkorrak izanda, 0-3ko partzial bati esker, 10-10eko berdinketa lortu zuen taldeak, hogeigarren minutuan. Garaipen txiki honek talde errumaniarra nahasi zuen eta hori aprobetxatuta, talde irundarrak aitzinera egin zuen markagailuan aitzina hartu arte (11-13, 23. minutuan). Atsedenaldira bidean ordea, Turdako taldeak besoak jeitsi gabe segitu zuen jokoan eta 16nako berdinketa lortu zuten lehen ordu erdiaren bukaerarako.
Bigarren zatia modu beretsuan hasi zen, bi taldeen defentsek indartsu segitzen baitzuten eta parekotasuna zen nagusi kantxan. Hala ere, Bidasoak abantaila txiki bat lortu zuen lehen ordu laurdenean, 24-25koa hain zuzen ere. Honekin Alex Mozasen taldea garaipenarekin amesten hasi zen eta gogor segitu zuten lanean hori lortu arte. 2-4ko partziala egin zuten orduan, eta hiru goleko errentarik handiena lortu zuten (26-29). Skrzyniarzek atean egindako lana izan zen abantaila lortzeko gakoetako bat, baita Rodrigo Salinasek sartutako bederatzi golak, horietatik zortzi zazpi metroetatik.
Edonola ere, errumaniarrak ez zeuden prest garaipenari ihes egiten uzteko eta bisitariak estutu zituen azken minutuetan. Bidasoa bi jokalari gutiagorekin gelditu zen eta garaipena kolokan jarri zitzaien, urduritasuna ere nagusituz jokalarien artean. Gorka Nieto kapitaina agertu zen orduan kantxan eta berak sartutako golari esker, arnasa eman zion taldeari, bi goleko abantailarekin (30-32, 56. min). Potaissa Turda ordea, gol bakarrera hurbildu zen eta berdinketa eskura zuen talde errumaniarrak. Skrzyniarzek berriz ere bere besoak luzatu eta aurkariaren erasoa gelditu zuen, berdinketa ere sahiestuz. 31-32koa zuten markagailuan bi taldeek eta 31-33koa ezartzeko gai izan ziren bidasotarrak, Rodrigo Salinasek zazpi metrotatik sartutako bertze gol bati esker. Bi minutu falta zirela, garaipena ia erabakita zuen Alex Mozasen taldeak, errumaniarrek denbora faltan zutelako emaitza berdintzeko ere. Hala ere, gola sartu zuen etxeko taldeak, baina erran bezala, ez zen nahikoa izan bidasotarrak garaitzeko. 33-34ko emaitzarekin, Irudek Bidasoa Irunek EHF European Leagueko Multzo Faseko lehen puntuak eskuratu zituen, orain arteko dinamika onari ere segida emanez.