Irudek Bidasoa Irunek Lurraldea Gara Txapelketa jokatuko du asteburuan
2026/08/14
Talde irundarrak Pau Billere Handball izanen du lehen aurkaria gaur (abuztuaren 14an), 18:30ean, Angelun ospatuko den txapelketaren lehen finalerdian. Bertze finalerdian Nimes eta Limoges izanen dira aurrez aurre. Bi neurketa hauetako irabazleek bihar jokatuko dute Lurraldea Gara Txapelketaren lehen edizioko finala.
Aurredenboraldiko bigarren azterketa izanen dute gaur Irudek Bidasoa Irungo jokalariek. Klub irundarrak hazteko eta lurraldean zehar zabaltzeko helburuarekin antolatutako Lurraldea Gara Txapelketaren lehen edizioa ospatuko da asteburu honetan Angelun, Billere, Nimes eta Limoges taldeen parte hartzearekin. Finalerdiak gaur jokatuko dira eta bidasotarrek Billere izanen dute aurkaria, 18:30ean. Nimes eta Limoges berriz, elkarren kontra ariko dira eta bi neurketetako irabazleek finala jokatuko dute bihar, abuztuaren 15ean.
Alex Mozas entrenatzailea gaurko aurkariaren inguruan solastatu da: “Billere historikoki Bidasoa baino gorago egon den taldea da, baina gaur egun nahiko parekatuak gaude. Hala ere, neurketa zaila izanen da, fisikoagatik eta jokalariek duten kalitateagatik”. Mozas ordea, ziur dago bere taldeak partidu ona eginen duela, Sinfinen kontra dagoeneko “taldea entrenamenduetara ongi egokitu dela” erakutsi zuelako. Finalerdi hau gaindituta bertze erronka gogor bat izanen du biharamunean talde irundarrak, Nimes edo Limoges kontra neurtu beharko baitu bere indarra. Prestatzaileak argi du Nimes-en kontra jokatu nahi duela finala, Limoges EHF European Leagueko Multzo Faseko aurkaria izanen baita eta ordu arte euren kontra ez jokatzea nahiago duelako.
Edonola ere, Lurraldea Gara Txapelketa honek bertze helburu batzuk ditu, taldearen prestakuntzaz aparte. Klubak hazteko eta lurraldean zehar zabaltzeko asmo horrekin egiten du bat lehiaketa honek eta, emaitzak bazter batean utzita, aitzinera pausu hori ematea garrantzitsua izanen dela uste du Mozasek ere: “Sozialki haztea garrantzitsua da. Nafarroan eta Lapurdin teknifikazioak egin genituen iaz eta oso garrantzitsuak izan ziren klubarentzat. Modu honetan, zaleak gehitzen ditugu Bidasoak babes gehiago izan dezan partidu ofizialetan. Txapelketa honek ere bat egiten du ideia horrekin eta, alde horretatik, denboran luzatzea espero dugu”.
Aurredenboraldirako prestaketa ona izanen da asteburu honetako hitzordua. Denboraldian zehar jokatuko diren partiduak behar bezala prestatzeko momentua baita oraingoa. “Txapelketa anitz izanen ditugu eta orain da oinarriak jartzeko momentua”, dio Mozasek. Taldeak aldaketa txiki batzuk izan ditu udan, jokalari berriak gehitu baititu plantillara, nahiz eta hauek dagoeneko ongi egokitu diren lan egiteko modura: “Ziklo aldaketa bat izan dugu, baina hori normala da. Hiruzpalau jokalari gazte ditugu orain, entrenatzeko gosez daudenak. Esperientzia falta zaie, baina horretarako ditugu Niko Mindegia bezalakoak. Agian denboraldi hau desberdina izan daiteke, baina anbizioz ariko gara lanean, beti bezala, jokalari onak baititugu”.
Bere taldearengan sinetsita joanen dira gaur Angelura Alex Mozas eta bere jokalariak, dagoeneko ezaguna duten Billeren kontra ahalik eta maila hoberena erakustera. Lehen helburua Lurraldea Gara Txapelketaren lehen edizioko finalean egotea izanen da, bigarrena aurredenboraldiko talderik onena izatea, konfiantzaz hasiera emateko 2026/27 denboraldiari.