Irudek Bidasoa Irunek Nexus Energia ASOBAL Ligako azken jardunaldia jokatuko du Cuencan

2026/05/29
Talde irundarrak igandean, maiatzaren 31n, jokatuko du azken partidu hau Cuencaren kontra (17:00). Sailkapeneko hirugarren postuan bukatzea izanen du jokoan eta horretarako, garaipena eskuratzeaz gain, Granollers eta Ciudad Real taldeen arteko emaitzari erreparatu beharko dio. Hala ere, Alex Mozasek aitortu bezala, euren lanean konzentratuta egonen dira bidasotarrak, ahalik eta mailarik hoberena emateko denboraldiko ASOBALeko azken hitzorduan.
Irudek Bidasoa Irunek Nexus Energia ASOBAL Ligako azken jardunaldia jokatuko du Cuencan
Haimar Marcos
Irudek Bidasoa Irunek igande honetan, maiatzaren 31n, jokatuko du Nexus Energia ASOBAL Ligako azken partidua. Cuenca bisitatuko du horretarako, 17:00etan, eta azken urteetako lortu ezin izan duen garaipena lortu nahiko du bertan. Garaipenarekin gainera, 42 puntu batuko lituzke sailkapenean, eta hirugarren postua eskuratzeko aukera ere izanen luke talde irundarrak. Hala ere, azken helburu hau Granollersek lortzen duen emaitzak baldintzatuko du. Alex Mozas entrenatzaileak partiduaren atariko prentsaurrekoan aipatu duenez, “jokoan deus ez bagenu ere, garaipena eskuratzera joanen ginateke hara”. Izan ere, norgehiagoka berezia da bi taldeen artekoa, aspaldidanik ez duelako talde irundarrak irabazi bertan: “Badira denboraldi anitz bertan garaipenik eskuratzen ez dugula. Cuencak puntu asko biltzen ditu beti bertan eta partidu zaila izanen da, asko estutzen duen taldea delako”. Hori da Bidasoak igandean izanen duen erronkarik handiena, “Cuencan dinamika horrekin bukatzea”. Horretarako, “talde oso zuzen” bati egin beharko diote aitzin Alex Mozasen mutilek, “defendatzeko zailak diren jokalariei” hain zuzen ere. Hala ere argi du taldeak dena emanen duela, bidasotarren nortasunean iltzatuta baitago momentu zailetik altxatzeko duen gaitasuna: “Talde honen ezaugarrietako bat momentu zailetatik altxatxeko gai dela da. Azken jardunaldira aukerekin ailegatzea, gure esku egon da eta horrela segitu behar dugu orain. Irabazi behar dugu eta Kopara joan, ahalik eta lanik onena egitera. Erakutsi behar dugu gai garela momentu txarretatik ateratzeko”. Astean zeharreko lanean erakutsi du dagoeneko gaitasun hori taldeak. Mozasek onartu du pozik dagoela taldeak egin dituen lan saioekin: “Ezin dugu gorde gaizki sentitu garela, baina hala ere, denek egin dugu gure lana aste honetan zehar. Ez dut kexatzeko aukerarik”. Jokoan dena emanda, baita esfortzua eginda ere, eskubaloi hobea erakustea falta zaio Bidasoari, eta ideia argi horrekin bidaiatuko dute Cuencara, ASOBAL Liga borobiltzera.