Irudek Bidasoa Irunen hurrengo erronka O Gatañalen izanen da

2026/09/18
Talde irundarrak Frigorificos del Morrazo taldea bisitatuko du bihar, 17:30ean, O Gatañalen, ASOBAL Ligako bigarren jardunaldia jokatzeko, lehena etxetik kanpo. Navaren kontra garaipen zabala lortu ondotik, motibazioz bidaiatuko du taldea, nahiz eta erronka berri baten moduan hartuko du biharko neurketa. Aski ezaguna du Alex Mozasen taldeak aurkaria eta lan ona egin beharko dutela argi dute, zaleen babes osoa jasoko baitute galiziarrek.
Irudek Bidasoa Irunen hurrengo erronka O Gatañalen izanen da
Santos Alvarez
Irudek Bidasoa Irunek Nexus Energia ASOBAL Ligako bigarren jardunaldia jokatuko du bihar, irailaren 19an, 17:30ean, Frigorificos del Morrazo taldearen kontra. Etxetik kanpo jokatzen duen lehen neurketa da eta, lehenean egin bezala, euren nagusitasuna ezarri nahi dute hasieratik bidasotarrek. Motibazioz bidaiatuko dute O Gatañalera, baina jakinda, talde zail bat izanen dute aitzinean, anitz bultzatzen duen harmailarekin batera. Edonola ere, talde ordenatu eta eraginkor bat direla erakutsi dute orain arte eta hori egiten segituko dute asteburu honetan ere. O Gatañalera joatea, denboraldioro “gorriz markatuta egoten den irteera da”, Alex Mozas entrenatzailearen hitzetan. Han jokatzea “polita” dela onartu du, azken alditan garaipena eskuratu baitute bertan, baina “sufrituz” ere egin dute hori. Frigorificos del Morrazo taldea iazko berdina izaten segitzen du: “Indartu egin da, baina ez du bere nortasuna galdu”. Gainera, denboraldiko etxeko bere lehen partidua da, Granollersen kontra maila ederra eman ondotik, eta horrela are zailagoa da aurkariari behar bezala aitzin egitea. Mozasek lehen jardunaldiko Cangasen partidua aztertu du: “Oso ondo ikusi nituen. Erasoan oso lasai eta erritmoarekin kontraerasoan. Ligako talderik onenetako batean kontra gainera. Bigarren zatian, baloi batzuk galdu zituzten eta ongi ordaindu zuten hori, baina bukaerara aukerekin ailegatu ziren”. Egindako neurketa “dituzten asmoen adierazpen bat izan” zela aitortu du entrenatzaileak eta euren kontra ere, gauza bera egin nahiko dutela uste du. Cangasen jokatzeko modua berezia dela ere aitortu du entrenatzaileak. “Gola sartzeko erraztasuna” dutela dio eta “erritmo oso altuan” jokatzen dutela. Horren aitzinean, gakoa “tinko” mantentzea da Mozasen iritziz eta aurkariari “deseroso sentiarazi”. Horrekin batera, “defentsa sendo mantentzea” izanen da bertze gakoetako bat. Orokorrean, “erritmo onean jokatu, ongi kefenditu eta baloirik ez galdu” izanen da Bidasoak egin beharko duen lana. Hauek ere, pasa den asteburuan, etxean erakutsitakoa gogoan izanen dute motibazioz bidaiatzeko, baina prestatzaileak argi du iraganean bizitzeak ez dituela garaipen berririk ekarriko: “Pasa den asteburukoak ez du gehiegi balio. Gure partidua ona izan zen eta horrek gure lana ongi egina dagoela ikusteko balio du, eta motibazioa edukitzeko. Bertzela, iraganean bizitzeak ez du ezertarako balio”. Hala ere, pozik dago Alex Mozas bere taldearekin eta seguru dago garaipenaren bila joanen direla eta hori ere errazagoa izanen dela, gaur egun duen taldearekin. Niko Mindegiaren fitxaketari garrantzi berezia eman nahi izan dio: “Niko bezalako erdilari batek ordena ekarri du. Eskubaloian ongi jokatzen du eta partiduaren plana hitzez hitz betetzen du. Orden hori bertze jokalariei ere kutsatzen zaie eta horrekin, jaurtiketa garbiak eta baloi galera guti izatea lortzen dugu”. Lasai eta pozik beraz, O Gatañalera joanen da taldea gaur, aurredenboraldian lortutako diziplinarekin, bi puntuak poltsikoratzeko helburuarekin.