Irungo 5K lasterketaren hamargarren edizioa ospatuko da igandean

2025/06/05
Bidasoa Atletiko Taldean antolatuta, hamargarren aldiz 5K lasterketa ospatuko dute Irunen. Ekainaren 8an izanen da proba, igandean, 10:00etatik aitzinera. Kirolprobak webgunearen bitartez eman daiteke izena, ortziralera arte (ekainaren 6a) eta dortsalekin bildutako diru guztia Gipuzkoako Minbiziaren Kontrako Elkartearentzat izanen da.
Irungo 5K lasterketaren hamargarren edizioa ospatuko da igandean

Bidasoa Atletiko Taldeak 5K lasterketaren hamargarren edizioa ospatuko du igande honetan, ekainaren 8an. Proba solidarioa izanen da gainera, dortsalekin bildutako diru guztia Gipuzkoako Minbiziaren Kontrako Elkartearentzat izanen da. 10:00etan hasiko da lasterketa ofiziala eta izen emateak orandik ere irekiak daude, ortziralera arte, kirolprobak.net webgunean. 

Ekainaren 8an ospatuko du BATek Irunen 5K lasterketa. Zabaltza Plazan hasi eta bukatuko da proba eta tartean, Kolon Pasealekua zeharkatu eta geltokiko zubitik pasatuz, San Juan Plazara joanen dira korrikalariak, berriz ere helmugara bueltatzeko. 10:00etan hasiko da proba, 20 minutu baino gehiagoko denbora behar duten partehartzaileentzat. 10:45ean berriz, 20 minutu azpitik proba osatuko dutenek hartuko dute irteera, baita Euskadiko Txapelketan izena eman duten federatuek ere. Proban parte hartzeko izen ematea irekita dago, kirolprobak.net webgunean, ekainaren 6ra arte. 

Horren aitzinetik, 9:30ean, Ttipi-Ttapa paseoak ospatuko dira, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koordinatutakoak. 25-30 pertsonek parte hartzea aurreikusi dute eta irekia da nahi duen guztiarentzat, aurretik izena eman gabe ere. Bukatzean, tortilla pintxoak eta salda banatuko zaie guztiei. Ondotik, 11:10ean, Hand-Bikean eta gurpildun aulkian parte hartuko duten kirolarien txanda izanen da, eta 11:20ean, desgaitasun intelektuala dutenena. Azken honetan, BATeko atletek parte hartuko dute, atletismo eskolako zenbait partaideekin batera. 

Eguerdi aldean, 11:30ean, haurren milia ospatuko da, 1609 metro laster egin nahi duten guztientzat irekia. 11:45ean, Euskadiko Milia Txapelketa ospatuko da, gizon federatuentzat lehenik eta emakumeentzat ondotik (11:55ean). Azkenik, 12:10ean, goiza borobiltzeko, martxa solidarioa osatuko dute Gipuzkoako Minbiziaren Kontrako Elkartearentzat eskainia izanen dena. Kirolprobak atarian eman daiteke izena, ortziralera arte. Horrez gain, igandean bertan ere izena eman ahal izanen da, 3 euroen truke.