Jone Zabaleta eta Aitor Etxeberria izan ziren Gabonetako Kroseko garaileak

2025/12/24
Bidasoa Atletiko Taldeko Gabonetako Krosa ospatu zen, pasa den larunbat arratsaldean, Irunen. Inoizko partehartzerik handiena izan zuen probak, guztira 1089 korrikalari irten baitziren 5 kilometroko lasterketa osatzera, pasa den urtean baino 300 gehiago. Helmugan lehenak Jone Zabaleta eta Aitor Etxeberria izan ziren. Horrez gain, taldekako sailkapenean, kategoria desberdinetan, Pays Basque Athétisme, Denontzat Apalategi eta BAT Team nagusitu ziren.
Jone Zabaleta eta Aitor Etxeberria izan ziren Gabonetako Kroseko garaileak

Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako XI. Super Amara Gabonetako Krosa ospatu zen, pasa den larunbat arratsaldean, Irunen. Inoizko partehartzerik handiena izan zuen lasterketak, 1089 korrikalari irten baitziren 5 kilometroko ibilbidea osatzera, pasa den urtean baino 300 gehiago. Horietatik, 939 helmugaratu ziren. Jone Zabaleta eta  Aitor Etxeberria izan ziren helmuga gurutzatzen lehenak.

Helduen 5K lasterketaren aitzinetik, X. Super Amara Gabonetako Krosa Txiki jokatu zen. Txikienen lasterketetan 500 haur inguru aritu ziren lasterka, kategoria eta distantzia desberdinetan. Eguraldia lagun izan zuten hiri erdian ospatu den jaialdi honetan eta familia ugari hurbildu ziren bertara, bertze urte batez benetako arrakasta bilduta. 

5 kilometroko lasterketa

Gabonetako Krosan ohikoa den bezala, maila altuko lasterkariak atera ziren 5 kilometroko ibilbidea osatzera. Gizonen kategorian, Aitor Etxeberria izan zen nagusitu zena, 15:02 minutuko denbora eginda. Segundu bat beranduago, 15:03 minuturekin, Beñat Bengoetxea helmugaratu zen eta hirugarren tokian, 15:05 minuturekin, Joseba Olaetxea.

Emakumezkoen mailan berriz, Jone Zabaleta izan zen irabazlea, 17:14 minutuko denbora eginez. Bigarren, 5 segundo beranduago, 17:19 minuturekin, Betty Urruty helmugaratu zen eta hirugarrenean, Amagoia Iribar, 18:18 minuturekin.

Taldekako sailkapena

Gabonen atarian, eta jai giroan, ospatzen den lasterketa honetan, garrantzia berezia izaten du taldekako sailkapenak. Geroz eta protagonismo gehiago hartzen ari da taldekan lasterketa egitea eta aurten, modu honetan ere, inoizko partehartzerik handiena izan du lasterketak. Guztira, gizonezkoen hamahiru taldek, emakumeen 7 taldek eta 19 talde mistok hartu dute parte. Kategoria bakoitzeko irabazleak honako hauek dira:

Gizonetan:

  1. “DENONTZAT APALATEGI” taldea (Beñat Bengoetxea, Patrick Laqueche, Asier Landart eta Aritz Arratibel).
  2. “GARRAITZ KIROL TALDEA” taldea
  3. “SUPER AMARA BAT” taldea

Emakumeetan:

  1.  “PAYS BASQUE ATHÉTISME” taldea (Betty Urruty, Laura Porto, Mariem Hansal eta Cleo Iriarte).
  2. “DENONTZAT” ekipoa
  3. taldea “ORIOKO KAMAL ZIANI ATLETISMO KLUBA 2”

Talde mistoak:

  1. “BAT TEAM” taldea (Jose Antonio Gómez de Arriba, Gwendal Larque, Jon Sansinenea eta Nerea Sarriegi).
  2. “MANTTALE” ekipoa
  3. “TRIKAIA A.K. TEAM” taldea

Bikendi Aizpiolea memoriala

Haurren kategorian, aurten ere, Bikendi Aizpiolea Memoriala ospatu da, kategoria bakoitzeko lehen sailkatuen sariak banatuz. Sarituak Lier Arregi (19:13 minutu) eta June López (23:17 minutu) izan ziren. Diana Machado Bikendiren amak eman zuen saria, emozioz beteriko ekitaldi batean.

Begisare lagunduz

Gabonetako krosa lasterketa solidarioa da beti eta aurtengoan, dortsalekin bildutako diru guztia,  “Retina Gipuzkoa Begisare” elkarteari bideratu dio BATek. Erretinako distrofia hereditarioak eta ikusmen murriztua edo itsutasuna eragiten duten beste gaixotasun batzuk dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duen elkartea da. Parte-hartzaileek bildutako diruaz gain, elkartea helmugan egon da karpa informatibo batekin.