'Kirolarekin Zubiak Eraikiz' egitasmoa urrats bat harago joango da gizarte hobe baten alde
2018 urtean "Zubia" Gizarteratze Zentroak ateak zabaldu zituenetik, bigarren aukera bat eman die bizitza bihurritu eta premia gorrian zeuden ehunka pertsonari. Gunea kudeatzen duten Emaus erakundeko gizarte hezitzaileen «enpatia eta gizatasuna» nabarmendu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Josu Iguiñizek. Eta kale gorri egoeran aurkitu, edota atzerritik iritsi, eta baliabiderik gabe Irunen edo Hondarribian dauden pertsonen harrera eta atseden gune izateaz gain, gizartean integratzeko akonpainamendua eskaini eta haien bizitzan ibilbide berri bat idazteko orri txuri bat eskaintzen diete bertako profesionalek. «Denok nahiko genuke halako baliabide bat ondoan, gure bizitzaren baldintzak eta egoera beste bat balitz», azpimarratu du zinegotzi jeltzaleak.
Irungo Udalak (%80) eta Hondarribikoak (%20) diruztatzen dute zentroa. Baina hiriko eragileekin sinergiak bilatzea ezinbestekoa dela deritzo Iguiñizek. Alde horretatik, ohikoa bilakatu da azken aldian, Larreaundi-Olaberria edota Alde Zaharra-San Juan bezalako auzo elkarteek antolatutako patata tortilla txapelketetan, edota beste jarduera batzuetan Zubia Gizarte Zentroko erabiltzaileak parte hartzen ikustea. Izan ere, bertan egiten den lanaren helburua pertsona hauek berriz gizartearen parte bilakatzea eta sentitzea den heinean, haien parte-hartze «aktiboa eta efektiboa» beharrezkoa da. Baita ikusezinak izatetik, auzokide bat gehiago izatera pasatzea ere.
Kirola integraziorako tresna
Hain justu, erabiltzaileen eskaerari erantzunez, Bidasoa Atletiko Taldearen eskutik"Kirolarekin Zubiak Eraikiz" proiektua ere, integraziorako tresna bilakatu da azken bi urteetan. Zubiako orain arteko arduradunak Ana Irisarrik bultzatuta, 2023an runningentrenamendu taldeak antolatzen hasi zen BATek Susana Ruizek zuzenduta, eta orain artean 68 erabiltzailek parte hartu dute astean bitan (goizez eta arratsaldez) Irungo kaleetatik korrika egiteko saioetan. Eta horietariko batzuk BATek antolatzen dituen herri-lasterketetan ere parte hartu dute, Salim Kharroubi eta Abdelkader Mallo, adibidez.
David Martinezek, Zubiako koordinatzaile berriak aitortu digu kirola egitea pertsona hauentzat onuragarria bada zentzu askotan, gizartean ikusezina den kolektibo honek pairatzen duen estigma soziala apurtzeko ere baliagarria dela. «Kirola egitea pertsona hauen integraziorako katalizadorea izan da, errutina egokiak eskertzen dituzte, ordutegiak, diziplina, ohitura osasungarriak, higienea, eta oro har, beste edozein pertsonak bezala, zerbaiten parte direla sentitzea beraientzat ez du preziorik», argitu du.
Alde horretatik, Josu Iguiñizen arabera «inklusiotik, elkartasunetik, berdintasunetik eta eskuzabaltasunetik gizarte hobeago bat eraikitzeko aukera» ematen duen programa da "Kirolarekin Zubiak Eraikiz". Eta proiektuak berak izan duen garapenak baieztatu du hori. Izan ere, Zubia zentroko erabiltzaileei, Larreaundiko auzokideak eta Goyeneche Fundazioko erabiltzaileak ere batuko zaizkie entrenamenduetara. Auzo elkarteak argitu duenez, «taldea kaletik korrika ikusterakoan bizilagunek eskatu dute» haiekin parte hartu ahal izatea. Eta Goyeneche Fundazioko Amaia Docampok dioenez, «orain proiektua urrats bat harago joango da gizarte justuago bat eraikitzen laguntzeko».
Zabaldu beharreko esperimentua
Hau guztia posible egiteko Bidasoa Atletiko Taldearen inplikazioa ezinbestekoa izan da. Baina kirol elkarteko arduradun Ibon Muñozek argitu duenez, «modu natural batean garatu da, proposamena luzatu ziguten momentutik ez genuen zalantzarik izan, eta arrakasta handia izan du, kirolak funtzio sozial garrantzitsua duela erakutsiz». Zubia bezalako gizarteratze zentroak dituzten Gipuzkoako beste eskualdeetan ere, halako proiektuak abian jartzea komenigarria izango litzatekeela esan du, baina horretarako finatziazioa beharrezkoa dela.
Irungoaren kasuan, udalaren babesaz gain, Laboral Kutxak emandako laguntza azpimarratu du Muñozek. Erakunde honen «konpromiso sozialari esker» 2026ko abendua arte segurtatua dagoela jakinarazi du Iñaki Zamoranok, bertako arduradunak. Aurrerantzean diru-iturri berriak bilatu beharko dituzte beraz. Baina gaur-gaurkoz, ezberdinen artean elkarrekin korrika eginez, gizarte berdinzaleago bat egin ahal izango dute pausoz pauso.