Mariño Real Unionek dinamika onean segitzen du

2025/02/25
Talde irundarrak etxean jaso zuen Pauldarrak taldea eta 5-3eko markagailuarekin garaitu zuen aurkaria. Lehen zatian sartu zituzten gol guztiak eta bigarrenean, jaso zituzten bertze hiru. Hala ere, gai izan ziren nagusitasuna mantentzeko.
Mariño Real Unionek dinamika onean segitzen du
Mariño Real Union 5
3 Pauldarrak FKT

Mariño Real Unionek 5-3 garaitu zuen asteburuan Pauldarrak taldea. Ugalde Ventas zelaian aritu ziren bi taldeak nor baino nor, eta lehen zatian sartutako bortz golak eman zien garaipena irundarrei. Hiru puntu gehiagorekin, sailkapenean hirugarren dago Imanol Garciaren taldea, 49 punturekin guztira. 

Lehen zatian nagusitasuna erakutsi zuen Mariño Real Unionek Ugalde Ventas zelaian. Etxean zeudela aprobetxatuz, baloiaren jabetza eduki eta bortz gol sartu zituen Imanol Gomezen taldeak. Ane Lopetegui jokalariak adierazi duenez, “oso ondo jokatu” zuten irundarrek, eta neurketa erabakita utzi zuten atsedenaldira bidean. 

Bigarren zatian berriz, “maila pixka bat jeitsi” zutela onartu du Lopeteguik. “Hiru gol jaso genituen”, azpimarratu du. Hain zuzen ere, Pauldarrak taldea indarberrituta zelairatu zen, emaitza berdintzeko asmo garbiarekin. 5-3koa ezarri bazuten ere, ezin izan zuten euren helburua lortu eta garaipena etxean gelditu zen. Mariño Real Unionek hiru puntu gehiago batu zituzten eta sailkapeneko hirugarren postuan kokatu, 49 punturekin guztira. Heldu den asteburuan, Zarautz bisitatuko du Imanol Gomezen taldeak, larunbatean (martxoaren 1ean), 12:00etan.