Mariño Real Unionek puntu bat atera zuen Arratiaren kontrako partidutik

2026/01/22
Hirugarren RFEF mailako liderraren kontra banako berdinketa erdietsi zuen Mariño Real Unionek, partidu gogor eta borrokatu baten ondotik. Etxekoek euren nagusitasuna erakutsi zuten neurketa hasi eta berehala, baina talde irundarra gai izan zen indar hori irauli eta markagailua berdintzeko. Horrela, liderraren etxean puntu bat eskuratuta, pozik bueltatu ziren etxera Imanol Gomezen jokalariak.
Mariño Real Unionek puntu bat atera zuen Arratiaren kontrako partidutik
Arratia CD 1
1 Mariño Real Union

Mariño Real Unionek 1-1eko markagailuarekin berdindu zuen pasa den asteburuan Arratiaren kontra. Hirugarren RFEF mailako liderra da talde bizkaitarra eta, horrelako zelai zail batean puntua aterata, pozik bueltatu ziren irundarrak etxera. Hamargarren minutuan hartu zuten aitzina etxekoek eta hamazazpi minutu behar izan zituzten bisitariek emaitza berdintzeko. Bigarren zatian, sufrituta, baina talde urdinak berdinketa bere horretan mantentzen jakin zuen eta beraz, liderraren etxean, sailkapenerako puntu garrantzitsua lortu zuen. 

Arratiaren kontrako neurketa berezi eta zaila izanen zela bazekien aldez aurretik Mariñok. “Liderrak dira eta, gainera, Bizkaiko partiduak beti izaten dira zailak”, dio Idoia Garde jokalariak. Lehen itzuliko norgehiagoka izan zuten buruan bisitariek eta orduan, Irunen, “partidu borrokatu eta zaila izan” zela oroitzen duten. Horri taldeak izan duen “bertze baja garrantzitsu bat” gehitu behar zitzaion. Hala ere, “lehen zati borrokatu” bat izan zela onartu du Gardek. “Hamargarren minutuan gola sartu zuten eta gu, beheiti etorri beharrean, ordu erdi batean gola sartu genuen eta 1-1ekoarekin joan ginen atsedenaldira”, gehitu du. 

Bigarren zatian, emaitza mantentzea izan zen talde irundarraren helburu garbia eta hori ere lortu egin zuten: “Bigarren zatian dezente sufritu genuen. Defentsan pixka bat kosta egin zitzaigun, Arratiak argi baitzuen zer egiten zuen. Aurreko denboraldian bertze kategoria batera igotzeko fasea jokatu zuten eta hori nabaritzen da. Nahiz eta sufritu, azkenean, 1-1 bukatu zen partidua”. Helburua lortuta eta puntu bat gehiagorekin poltsikoan, “pozik” bueltatu zen Mariño etxea, “horrelako partiduetan zaila baita puntuak ateratzea eta gehiago liderra dela kontuan hartuta”. 

Sailkapeneko bederatzigarren postuan kokatua dago orain talde irundarra, 17 punturekin guztira. Heldu den asteburuan, atsedenaldia izanen dute maila honetako taldeek. Otsailaren lehenean berriz, 12:30ean, etxean jokatuko du Mariñok Oiartzunen kontra, gipuzkoarren arteko derbia izanen dena.