Mariño Real Unionek Usabalen utzi zituen puntuak

2025/10/21
Talde irundarrak Tolosa bisitatu zuen asteburuan eta 4-0eko markagailuarekin galdu zuen Usabalen. Hasieran ondo zelairatu baziren ere, lehen gola jaso ondotik, desorekatu egin zen taldea eta kontzentrazio falta izan zen nagusi. Besoak jeitsi zituen Mariño Real Unionek eta ezin izan zion aitzin egin tolosarren gol zaparradari. Honen ondotik, sei punturekin, sailkapeneko zazpigarren postua jeitsi da Imanol Gomezen taldea.
Mariño Real Unionek Usabalen utzi zituen puntuak
Tolosa CF 4
0 Mariño Real Union

Mariño Real Unionek Tolosa bisitatu zuen pasa den larunbatean, Usabalen. Talde irundarra ongi zelairatu bazen ere, lehen gola jaso orduko, behera etorri zen eta ezin izan zion aitzin egin tolosarren gol zaparradari. Horrela, puntuak Usabalen utzi zituen eta, seirekin, sailkapeneko zazpigarren postura jeitsi ziren irundarrak. 

Ane Lopetegui jokalariak onartu du Mariño Real Union “ongi jokatzen” hasi zela Tolosaren kontra, baina bat-batean, “akats baten ondotik, gola sartu” zuela aurkariak eta horrek desoreka ekarri zuela Imanol Gomezen taldera. Atsedenaldira bidean izan zen hori, eta aldageletara joan baino lehen, tolosarrak bertze bi gol sartzeko gai ere izan ziren, 3-0ekoarekin bukatuz lehen zatia. Bigarren zatian, laugarrena iritsi zen eta aukerarik gabe gelditu zen Mariño Real Union. Lopeteguik aipatu du “gol guztiak kontzentrazio faltagatik” jaso zituztela eta ez zutela lortu euren artean “konektatzea” egoerai aitzin egin ahal izateko. “Taldea behera etorri zen eta bigarren zatian nahiko gaizki jokatu genuen”, gaineratu du jokalariak. 

Honen ondotik, sei punturekin, sailkapeneko zazpigarren postura jeitsi da Mariño Real Union. Orain, atsedenaldi txiki bat izanen du taldeak eta azaroaren lehen asteburuan bueltatuko da, Elorrioren kontra etxean jokatuko duen partiduarekin.