Nagusitasun osoz hasi du denboraldia Irudek Bidasoa Irunek
2026/09/14
Talde irundarak 35-25eko markagailuarekin irabazi zuen Viveros Herol BM Nava taldearen kontra. Ezin hobe estreinatu zuen horrela ASOBAL Liga Alex Mozasen taldeak, iazko porrota konponduz bidenabar. Aurredenboraldian landutakoa aprobetxatuz eta nagusitasun osoa erakutsiz etxeko zaleen aitzinean, lehen bi puntuak poltsikoratuta, sailkapeneko bigarren postuan kokatu da Bidasoa, Barçarekin gibeletik.
Irudek Bidasoa Irunek 35-25eko markagailu zabalarekin irabazi zuen larunbatean, irailaren 12an, Viveros Herol BM Nava taldearen kontra. 2026/27 denboraldiko Nexus Energia ASOBAL Ligako lehen jardunaldian lehen bi puntuak erdietsi ditu dagoeneko talde irundarrak eta sailkapeneko bigarren postuan kokatu da, aurtengo helburuak erdiesteko saiakeran lehen aurrerapausua emanez.
Artalekuk gogoz estreinatu zuen ASOBAL Liga pasa den larunbatean, eta Bidasoak zaleen aurreikuspenak aise bete zituen erakutsitako nagusitasunarekin. Neurketa erritmo bizian hasi zen bi aldeetan, nahiz eta bakar batez ere ez zuen asmatu atean lehen minutuetan. Berdintasuna zen nagusi kantxan ordu laurdena pasatu bitarte, orduan lortu zuten etxekoen bi goleko aldea Navarekiko (9-7). Bisitariek berriz ere emaitza berdindu zuten, amore eman gabe gogor borrokatuz. Bidasotarrek, hala ere, sendo jarraitu zuten defentsan aurredenboraldian ikasi bezala, eta hiru goleko errenta lortu zuten atsedenaldira bidean, lehen zatia 16-13ko emaitzarekin bukatuz.
Bigarren zatian, talde irundarra irabazteko gogoz kantxaratu zen eta defentsan erakutsi zuen intentsitateak aukera eman zion helburua lortzeko. Baloiaren jabetza izan zuten etxekoek eta erasoan ere erosoago aritu ziren, aukera guztiak gauzatuz. Honek guztiak abantaila eman zion taldeari, zazpi goleko errenta edukitzeraino (26-19, 45 min.). Nava hau iraultzen saiatu zen, baina bidasotarrek ez zioten aukerarik eman, ekintza bakoitza defendatu baitzuten eta abantaila areagotu (32-23, 55 min.). Horrela, partidu bukaera ongi eta lasaitasunez kudeatuta, 35-25eko markagailu zabalarekin irabazi zuen Bidasoak, denboraldiko eta ligako lehen bi puntuak poltsikoratuz eta sailkapeneko bigarren postuan kokatuz.
Honen ondotik, Alex Mozasen taldearen hurrengo hitzordua etxetik kanpo izanen da, Cangasen zehazki, Frigorificos del Morrazo taldearen kontra. Neurketa larunbatean ospatuko da, irailaren 19an, 17:30ean.