Plaiaundi errugbilariz beteko da ikasturte honetan ere
2026/08/25
Txingudi Errugbi Klubak prest ditu ikasturte hasierako ekintza guztiak. Udari bukaera emanen diote ludotekaren azken astearekin eta ondotik, Emakume Rugby Egunaren bertze edizio berri bat ospatuko dute iraila bukaeran. Horrez gain, ate irekiak eginen dituzte hilabete osoan zehar, adin eta maila desberdinetan banatuta. Azkenik, lehiaketatik kanpo ere errugbia sustatzeko lanetan ibiliko dira, publiko guztiari zuzendutako ekintzekin.
Txingudi Errugbi Klubak buru-belarri lanean segitzen du udan ere. Udalekuei itxiera ona emanez, ikasturte berriari begira jarri da segidan eta hainbat ekintza desberdin antolatu ditu abuztu bukaera eta iraila hasierarako. Ate irekin saioan, Emakume Rugby Eguna eta kaleko jarduerak eginen dituzte hurrengo asteetan, bertzeak bertze. Helburua urteroko bera da, eskualdean errugbia sustatzea eta kirol honek dituen oinarrizko balioak gizarteratzea, hala nola, elkarlana, errespetua, adorea, apaltasuna eta talde-lana, betere ingurune euskaldun eta naturalean egiten den kirola praktikatuz.
Ekitaldien artean, uda bukaera honetan, ludoteka izanen dute ikasturtea hasi baino lehen dituzten oporren azken egunetan familiei kontziliazioan laguntzeko. Abuztiaren 31tik irailaren 4ra izanen dute martxan zerbitzu hau eta eguneko 5 euro ordaindu beharko dira. Jarduera aisialdian eta bizikidetzan oinarritzen da, klubeko instalazioetan dagoen inguru natuaretan eginen diren jolasen bitartez. Izen emateak dagoeneko irekiak daude klubaren webgunearen bitartez.
Honez gain, iraila bukaera ospatuko den Emakume Rugby Eguna antolatzen hasiak dira Txingudin. Emakumeen kirola sustatzeko duten etengako konpromisoan, klubak ekitaldi honen edizio berri bat antolatu du irailaren 26rako. Jai aldarrikatzaile bat izanen dela aitzindu dute eta helburua emakumeen errugbiari ikusgarritasuna ematea izanen da. Adin guztietako jokalari berriak erakarri nahi dituzte Plaiaundira eta kirol komunitatearentzat topagune inklusioa eskaini. Oraindik prestaketa lanetan ari direnez, aitzinerago egunaren xehetasun gehiago emanen dituztela jakinarazi dute.
Dagoeneko prest dagoena ate irekien jardunaldiak dira. Klubeko maila desberdinetako taldeak aurredenboraldia hasten ari dira poliki-poliki eta horren harira, irailean eta urrian, Plaiaundik ateak zabalduko dizkie 2018a baino lehen jaiotako eta errugbia probatu nahi duten guztiei. Entrenamenduak adineran eta mailaren arabera antolatuko dira. 10 eta 12 urtez azpikoek (2015-2018) ortziraletan izanen dituzte ate irekien saioan, 18:30etik 20:00etara. 14 urtez azpikoek berriz, 2013 eta 2014 urteen artean jaiotakoen, astearte eta ortzegunetan 17:30etik 19:00etara. 16 eta 18 urtez azpikoak (2009-2012), astearte eta ortzegunetan elkartuko dira 18:00etatik 19:30era. Egun beretan gizonezko seniorren saioak, 2008 baino lehen jaiotakoenak, izanen dira, baina 19:30etik 21:00etara. Azkenik, emakumezko seniorren entrenamenduak, 2011 baino lehen jaiotakoenak, astelehen, asteazken eta ortziraletan ospatuko dira, 19:30etik 21:00etara.
Hala ere, ikasturtean zehar lehiaketara bideratuak ez dauden errugbi taldeak ere edukiko dituzte Txingudi Errugbi Klubean. Edozein adinetara moldatutako eskaintza ere martxan jarriko dute aurtengo denboraldian, errugbiaz gozatzeko inolako lehiarik gabe. Alde batetik, Tokata modalitatea eskainiko dute, plakajerik gabeko errugbia. Entrenamendu funtzionaleko ariketak eginen dituzte eta saioak astelehen eta asteazkenetan izanen dira, 19:00etatik aitzinera, 18 urtetik aitzinerako pertsona guztientzat. Adin berekoentzat ere Bootcamp egiteko aukera eskainiko dute, sasoi onean egoteko entrenamendu funtzionala izanen dena, igandero 10:30etik aitzinera.
Azken ikasturtean bezala, guaraso taldea ere osatuko dute, klubeko jokalarien gurasoei zuzendua egonen dena. Ariketa teknikoak eginen dituzte hemen, plakajerik gabeko errugbia ere praktikatuz, seme-alaben kirola barrutik ezagutzeko helburuarekin. Entrenamenduak ortziralero izanen dira 18:30etik aitzinera. 2009 eta 2014 urteen artean jaiotakoek Rugby 5 egiteko aukera ere izanen dute. Hastapeneko taldea izanen da, ariketa teknikoak eginez eta plakajerik gabeko partidak ospatuz talde ez-mistotan. Modalitate honetan oraindik ez dituzte zehaztuta ordutegiak. Azkenik, San Marcial Eskaut-Gia taldearekin elkarlana ere eginen du Txingudik. 2019 eta 2020 urteen artean jaiotakoek aukera izanen dute jolasen bidez psikomotrizitatea eta balioak lantzeko, ortziralero 18:30etik 20:00etara.
Ekintza guzti hauen inguruko informazio gehiago jasotzeko edo saioren batean parte hartzeko, klubak lau bide jarri ditu eskuragarri eurekin harremanetan jartzeko. Alde batetik, info@txingudirugbyclub.eus helbidera idatz daiteke edota 688 745 362 telefonora deitu. Sare sozialen bidez ere jarri daiteke eurekin harremaneta (@txingudirugby) edota weborriaren bitartez (www.txingudirugbyclub.eus).
Xabi Santxez Agirregomezkortak, klubeko koordinatzaileak, eman ditu honen inguruko xehetasun guztiak.