Porrotarekin hasi du denboraldia Beti Gaztek
2026/09/15
Lesakako taldeak 1-2ko markagailuarekin galdu zuen, pasa den igandean Mastegin, Elgoibar taldearen kontra. 2026/27 denboraldia porrotarekin hasi du Beti Gaztek, baina joko ona erakutsiz. Bigarren zatian etxekoek lortu zuten baloiaren jabetza eta jokoaren ekimena eramatea, baina ez zen nahikoa izan bisitarien indarra gelditzeko. Golak eurenak izan ziren eta, bukaera aldera, aldea murriztu bazuten ere, lesakarrek ezin izan zioten horri guztiz aurre egin.
Beti Gaztek 1-2ko markagailuarekin galdu zuen, pasa den igandean Mastegin, Elgoibar taldearen kontra. 2026/27 denboraldiko lehen jardunaldia zen eta lesakarrek ezin izan zuten arrakastaz bukatu arratsaldea. Lehen zatian lortu zuen aitzina hartzea talde bisitariak eta bigarren zatian, etxekoak berdinketaren alde borrokan aritu ziren. Hala ere, ez zen nahikoa izan aurkariaren nagusitasunari aitzin egiteko eta, joko ona erakutsi bazuten ere, ezin izan zuten desio zuten berdinketa lortu. Porrota segidan ahantzi eta heldu den asteburuari begira jarri da taldea, hau hasiera bertzerik ez delako izan.
Talde gaztearekin eta entrenatzaile berriarekin hasi du denboraldia Beti Gaztek. Aurredenboraldia elkar ezagutzeko baliatu dute eta oraindik ere horretan lanean ari direla argitu du Asier Salgero prestatzaileak: “Taldea gaztea da eta ni ere berria naiz. Oraindik ezagutze-fase batean gaude”. 1-2ko emaitza beraz, horrela arrazoitu du berak. Izan ere, emaitzak ez du islatzen Mastegin ikusitakoa: “Orokorrean sentsazioa izan zen, joko aldetik, ongi ibili ginela. Emaitza ez lator bat jokoarekin eta edukitako sentsazioekin”. Lehen zatian, ordu erdia pasatuta, Elgoibarren lehen gola ailegatu zen, entrenatzaileak onartu bezala, Beti Gaztek egindako “akats potolo” baten ondorioz.
Bigarren zatian, hau konpontzera atera ziren zelaira eta baloiaren jabetza eta “jokoaren ekimena” lesakarrena izan zela onartu du. Berdinketaren bila joaten zirenean ordea, bigarren gola jaso zuen etxeko taldeak eta horrek min egin zion. Burua hotz mantendu eta lanean segitu zuten eta azkenean iritsi zen euren gola ere. “Lanean jarraitu genuen eta 10-12 minuturen faltan, 1-2koa egin genuen”, dio Salgerok. Hau ikusita, berdinketa posible zela ere uste zuen Lesakako taldeak eta borrokan segitu zuten. Hori bilatzearen urduritasunak ez zuen lagundu eta azkenean, guzti hau “ongi kudeatu” ezinik gelditu ziren, porrota ere jasoz. “Penaz” hartu zuen taldeak lehen hiru puntuak galtzea, baina “segitu” behar dela ere badakite, hau hasiera bertzerik ez delako.
Heldu den asteburuan, Beasain B bisitatu beharko du Beti Gaztek, Loinaz zelaian, larunbatean (irailaren 19an), 16:00etan.
Hondarribia lider Ohorezko Erregional maila estreinatu berritan
Maila berean, Hondarribiak garaipena eskuratu zuen Ohorezko Erregional kategoria estreinatu zuen egun berean. Urolari 5-2ko emaitza zabalarekin irabazi zion taldeak, etxeko zaleen aitzinean. Maldan gora jarri zitzaien hondarribiarrei partidua, hasieran aurkariak lortu zuelako aurretik jartzea. Hala ere, bigarren zatian, indarrez zelairatu ziren etxekoak eta hiru gol segidan egin zituzten, 3-1koa jarriz. Urolak bigarrena ere egin zuen, baina ez zen nahikoa izan Hondarribiaren nagusitasuna geldiarazteko. Hauek bertze bi gola sartuta, 5-2ko behin-betiko emaitza lortu zuten, denboraldiko lehen hiru puntuak ere eskuratuz eta sailkapeneko lider bilakatuz. Honekin segitzeko, eta lehen postu hori atxikitzeko, gauza bera egin beharko dute heldu den asteburuan Urki taldearen kontra. Hauen arteko norgehiagoka larunbatean, irailaren 19an, 18:00etan izanen da Unbe zelaian.