Ramses Gil: “Disfrutatzen jakin behar dugu eta esker onekoek izan”

2026/04/30
Real Unionek denboraldiari bukaera emanen dio bihar, maiatzaren 1ean, Stadium Galen Alfaro taldearen kontra jokatuko duen azken jardunaldiarekin (17:00). Txuribeltzek dagoeneko lortua dute urteko helburu nagusia, mailaz igotzea, eta beraz, zaleekin batera hori ospatzeko aprobetxatuko dute eguna, baita babestu dituzten guztiei eskerrak emateko ere.
Ramses Gil: “Disfrutatzen jakin behar dugu eta esker onekoek izan”
Real Unionek Alfaro hartuko du bihar, maiatzaren 1ean, Stadium Galen (17:00) denboraldiari bukaera emateko. Dagoeneko Lehen RFEF Mailara igo da talde txuribeltza eta hori ospatzeko tartea hartuko du azken jardunaldi honetan. Zaleen babesa eskertzeko parada izanen da jokalari eta teknikarientzat, baita egunaz eta lortutakoaz disfrutatzeko aukera. “Ilusioz” dago Ramses Gil biharko neurketari begira, “denboraldi honetan ia partiduro bezala”. Zaleekin batera agurtuko du Real Unionek denboraldi eder hau, Lehen RFEF Mailara igoera lortu duen urtea alegia. Orain dela urtebete aurpegi luzeak ziren nagusi zelaian, aurten berriz, zoriontasuna izanen da protagonista. Hori dela eta, entrenatzaileak argi du “disfrtatu” nahi duela eta zaleei “eskerrak eman babes guztiagatik”. Alfaroren kontrako biharko partidua “besta” bat izanen dela ere onartu du. Klubak ekitaldi desberdinak antolatu baititu honen harira eta jendea hurbilduko da, jaieguna egokitzen delako ere. “Normalean etortzen ez den jendea ere hurbilduko da eta gure momentua da, heldu den urtera begira, euren babesa beharrezkoa dela helarazteko”, gaineratu du Gilek. Azken asteetako dinamika ona kontuan hartuta, badirudi denboraldi erraza izan dela Real Unionentzat, baina hasieran ez zen horrela izan: “Puntu asko atera ditugu, baina kosta egin zitzaigun. Zelaia ez zegoen ondo eta aurkariek ere zail jarri ziguten lana. Taldea hobetzen joan da ordea, eta baloiarekin ere hobeki dago. Bihar hori erakutsi ahal izatea espero dugu eta garaipena eskuratzea”. Gogoz dago taldea biharko ospakizunerako. Astean zeharreko lana “erraza” izan dela dio prestatzaileak, eta jokalarien “euren bertsiorik onenean” daudela. “Pozik egon behar gara urtea ondo atera delako. Prozesuaz disfrutatzea ez da beti erraza, baina hortan saiatu beharra gara. Disfrutatu behar dugu eta esker onekoak izan”, gaineratu du. Horretarako baliatuko dute beraz, biharko azken jardunaldia: garaipenak ospatzeko eta zaleei euren babesagatik eskerrak emateko.