Ramses Gil: “Lasai egon behar gara, maila oso parekatua dagoelako eta edozeinek irabaz dezakeelako”
Real Unionek Eibar Bren kontrako partidua jokatuko du bihar, urriaren 25ean, 19:00etan. Bigarren asteburuz segidan, euskaldunen arteko lehia izanen da Unben ikusi ahal izanen dena. Hala ere, eszenatokia desberdina izanen da, Eibar ongi hazi delako azken urteetan eta instalakuntzak berritu dituelako, jokalariei baldintza hobeak eskaintzeko. Horrela, zelai ona bada ere, txuribeltzen gustukoa, zaila izanen da aurkariari bere etxean aitzin egitea.
Pasa den asteburuan, denboraldiko lehen porrota jaso zuen Real Unionek Sestaoren kontra. Sentsazio txarrak izan zituzten jokalari eta teknikariek horren ondotik, baina segidan lanean hasi ziren asteburu honetako partidua behar bezala prestatzeko. Akatsak zuzendu eta orain arte ongi egindakoak ere aztertu dituztela aipatu du Ramses Gil entrenatzaileak: “Galtzen duzunean hobetzeko gauzak daude eta beraz, horri bueltaka aritzen zara. Bigarren egunean berriz, lanean hasi behar zara eta hurrengo partiduari begira. Taldea maila hoberenean egon behar baita, eta gehiago bihar izanen dugun aurkari bada. Partidu guztien balantzea eginez gero, ikus dezakegu aukerak sortu ditugula eta gola egiteko aukerak ere izan ditugula. Hala ere, ez ditugu lortu eta hori landu behar dugu”.
Eibarren inguruan ere talde ona dela onartu du Gilek: “Oso ongi egiten ari dira lan, kirol arloan harrobiarekin, baina baita instalakuntzen hobekuntzan. Kirol instalakuntza ederra egin dute, lan egiteko gaitasunak hobetuz. Taldearen kalitatea handia da”. Partidua gainera zelaiaren neurriengatik eta kalitatearengatik baldintzatua egonen dela azpimarratu du entrenatzaileak, “futbol konbinatura” behartuko dituelarik jokalariak. Hori izanen da beraz, partiduan garaipena eskuratzeko gakoetako bat. Bertzalde, ideiak ere garbi eduki behar dituztela aipatu du prestatzaileak, kontuan hartuz maila oso parekatua dagoela: “Burua argi eduki behar dugu, horrelako mailetan zaila delako dinamika onean mantentzea. Kategoria oso parekatua dago eta edozeinek irabazi dezake, beraz lasai egon behar gara”.
Real Union eta Eibar ezagunak dira dagoeneko, aurredenboraldian lagunarteko bat jokatzeko aukera izan zutelako. Gilek oroitarazi du beroa egiten zuela egun hartan eta neurketa baldintzatua egon zela horregatik beragatik. Hala ere, gustuko zelaia da taldearentzat eta hori aprobetxatuko dute biharkoan ere.