Ramses Gil: “Partiduaren planarekin asmatu eta puntuak atera behar ditugu”
2026/09/25
Real Unionek Deportivo Fabril bisitatuko du bihar, irailaren 26an, 18:45ean. Eszenatoki berezia eta garrantzitsua izanen dute hitzordu honetarako, neurketa Riazorren jokatuko baita, taldea Deportivo La Coruña taldearen filiala izanik. Mirandesen kontrako partidu gogorraren ondotik, intentsitate handiko bertze jardunaldi bat espero dute txuribeltzek asteburuan, nahiz eta gogoz dauden erronka berri honi eusteko.
Real Unionek Deportivo Fabril taldea bisitatuko du bihar, irailaren 26an, 18:45ean. Aurkaria Deportivo La Coruña taldearen filiala da eta, alde horretatik, txuribeltzek badakite zer aurkituko duten zelaian: Lehen Mailara begira dagoen talde gogor eta prestatua. Neurketa gainera, Riazorren jokatuko da, eszenatoki bero eta garrantzitsua. Intentsitate altuko norgehiagoka izanen dela aurreikusten badute ere, erronka handi bat izanen da Ramses Gilen taldearentzat eta gogoz daude horri aitzin egiteko.
Talde irundarrak gaur bidaiatuko du La Coruñara biharko partidura indarrez eta deskantsatuta ailegatzeko. Horrela, hitzorduaren ondotik, azken entrenamendu saio bat egiteko aukera izanen dute eta, horren harira, Ramses Gil entrenatzaileak eskerrak eman nahi izan ditu aurkariak eskura jarri dizkien erraztasunekin: “Deportivo La Coruña klubak erraztasun guztiak jarri dizkigu han entrenatu ahal izateko. Eszenatoki hoberena da horretarako, erreferente bat baita, instituzio handi bat”.
Hori kontuan hartuta, Deportivo Fabril taldearen kontra lehiatzeko gogoz daude txuribeltzak, Lehen Mailan dagoen taldearen filiala den heinean, erronka handia izanen baita Riazorren jokatzea: “Bazkide aunitz ditu, zale aunitz eta, Lehen Mailan, gauzak ongi egiten ari dira. Galen tamainako zelaia da, baina han zaudenean, handiagoa denaren sentsazio izaten duzu, agian lekuak duen erranahiagatik. Riazorren jokatzea handia da eta gogoz gaude”.
Real Unionen aldetik, taldea hitzordura prest ailegatzen dela aitortu du Gilek. Mirandesen kontrako partidutik berreskuratzea lan gogorra izan bada ere, “denek entrenatu ahal izan dute eta denak daude eskuragarri biharko”. Talde irundarrari gelditzen zaion bakarra beraz, zelaian “partiduaren planarekin asmatzea” da eta horren ondorioz, puntuak etxera bueltan ekartzea.