Ramses Gil: “Racing Ferrol baliabide asko dituen taldea da, baina ez guk baina gehiago eta irabazten saiatuko gara”
2026/09/11
Real Unionek denboraldiko hirugarren jardunaldia jokatuko du igandean, irailaren 13an, 12:00etan. Racing Ferrol bisitatuko du horretarako, aurten igoeraren bila joanen den taldea. Hala ere, momentuz, bost ountu ateratzen dio sailkapenean talde irundarrak eta hobeak direla sinetsita eginen dute bidaia luzea. Zelai eta aurkari onak izanen dituzte aitzinean, baina eurek ere hazteko prest daude, lidergotzan segitzeko helburuarekin.
Real Unionek igande honetan, irailaren 13an, 12:00etan jokatuko du denboraldiko hirugarren jardunaldia, bigarrena segidan etxetik kanpo. Oraingo honetan Racing Ferrol bisitatuko du. Bidaia luzea du aitzinetik talde txuribeltzak, baina horrek ez du beldurtzen. Anbiziotsu eta gogoz joanen da Galiziara, sailkapeneko lider gisa. Puntuak poltsikoratu eta postu bera mantentzea izanen da asteburu honetako helburua.
Ramses Gilek aitortu duenez, asteburu honetako eszenatikoa “paregabea” da. Ferrolerainoko bidea luzea izanen da, baina anbizioz beterik eta gogotsu eginen dituzte kilometro andana horiek. Racing Ferrol izanen dute igandean esperoan, “talde ona eta baliabide anitz dituena”. Hala ere, entrenatzailea sinetsita dago Real Union ere maila berean dagoela eta irabazteko asmoz zelairatuko dira, betiko moduan.
Astero-astero hori baita egiten duten lanaren helburua: irabaztea. Hori egin dute, hain zuzen ere, denboraldiko lehen bi jardunaldietan. Bi garaipen eta sei punturekin, sailkapeneko lidergotzan kokatuta dago talde irundarra eta horrela, “guztia modu hobean” ikusten dela onartu du Gilek. Hala ere, “dinamika on hori aprobetxatu eta lehiakorrak izaten segitu” da asteburu honetako helburuetarko bat. Horretarako, plantilla guztia dute eskuragarri hirugarren astez segidan eta hori albiste ona dela dio prestatzaileak. Bertzerik gabe, taldearen eginbeharra orain, “aurkariari egokitzea eta zelaiaren baldintzak aprobetxatzea” izanen da.