Ramses Gil: “Sestao primerako talde bat da. Joko desberdina dute, baina etekina ateratzen diote”

2025/10/17
Real Unionek Sestao River Club taldea jasoko du bihar, urriaren 18an, 19:00etan Galen. Euskal derbia denboraldiko zazpigarren jardunaldian jokatuko da, bi taldeak sailkapenean gertu dauden momentuan. Txuribeltzek ez dute porrota ezagutzen oraindik, baina hiru puntuak osorik eskuratzeko gogoz daude. Bizkaitarrek berriz, porrota jaso zuten pasa den asteburuan Tudelanoren kontra eta hori moldatzeko prest egonen dira bihar Irunen.
Ramses Gil: “Sestao primerako talde bat da. Joko desberdina dute, baina etekina ateratzen diote”

Real Union etxera bueltatuko da berriz asteburu honetan. Bihar, urriaren 18an, Galen jokatuko du talde txuribeltzak Sestao River Club-aren kontra (19:00). Denboraldiko zazpigarren jardunaldia izanen da eta euskal derbia jokatzeko gogoz daude guztiak. Tradizio handiko taldeak dira biak, bertze mailetan ere elkar topatu dutenak. Honek guztiak zaleak erakarriko ditu Galera eta hori ere garrantzitsua izanen da etxekoentzat, azken asteetako berdinketak gainditu eta hiru puntuak osorik eskuratzeko. 

Ramses Gilek Sestaoren historia goraipatu du eta alde horretatik, Real Unionen antzekoa dela oroitarazi: “Tradizio handiko talde bat da, gu bezala. Historia du gibelean eta bertze mailetan elkar topatu badute ere, orain Bigarren RFEF mailan gaude biak. Pozik gaude partidu hau jokatzeagatik eta Galen izateagatik”. Taldearen bikaintasuna ere azpimarratu du entrenatzaileak, izan ere, “primerakoa dela” onartu du. “Joko desberdina dute, baino ongi jokatzen dute eta horri etekina ateratzen diote. Ezaguterreza da Sestao, jokalariengatik, baina baita entrenatzailearengatik ere”, gaineratu du. Jakinarazi duenez, Aitor Calle eta Gil urte eta egun berean jaio ziren eta, agian horregatik beragatik, elkarrengandik hurbilago sentituko dira bihar. Gilek adierazi du “gogoz” dagoela Calle Galen hartzeko, azken aldietan ezin izan baitio bere taldeari aitzin egin. 

Biharko partiduan garaipena eskuratzeko gakoak zeintzuk izanen diren ere aipatu ditu entrenatzaileak: “Sestao golak sortzen ari da eta guri gola egitea kostatzen ari zaigu. Horren emanen digu garaipena eta kontuan hartuko beharko dugu. Bertzalde, ongi defenditzen ari gara eta horrek puntuak ateratzea ahalbidetu digu. Presioa ere kudeatu beharko dugu biharko neurketan, presioa beti egonen baita etxeko partiduetan, baina hori kudeatu eta garaipena eskuratzeko baliatu behar dugu”. Bikaintasunetik urruti badaude ere, egunez egun lan hobea egiten ari direla ere iritzi dio Gilek: “Bikaintasunera ailegatzea ezinezkoa da, beti baitago zer hobetu. Azkenean, egunez egun hobetzen joan behar gara eta egokitzeko gaitasuna eduki, bikaintasunera ailegatzeko helburuarekin”. 

Hori guztia kontuan hartuta beraz, momentu honetan txuribeltzen aurkari zuzenetariko baten kontrako euskal derbia ospatuko dute bihar Galen. Biak ere garaipenaren bila joanen dira, puntuak batu eta sailkapenean gora egiteko, baina horretarako golak sartu beharko dituzte eta atea hutsean mantentzeko saiakera egin.