Real Unionek etxean hasiko du denboraldia igande honetan
2026/08/28
Aurredenboraldia arrakastaz beteta, Coria izanen dute lehen aurkaria txuribeltzek igandean, abuztuaren 30ean, 18:30ean. Stadium Galen jokatuko du Ramses Gilen taldeak 2026/27 denboraldiko lehen jardunaldia, Lehen RFEF Mailara itzulera ospatzeko. Zelaiak mende bat beteko du aurten ere eta hori berriz ere gogora ekartzeko momentu ederra izanen da.
Real Unionek 2026/27 denboraldiko lehen jardunaldia jokatuko du igande honetan, abuztuaren 30ean, Stadium Galen. Coria izanen du aitzinean, 18:30ean hasiko den partidan, eta gogoz daude guztiak Lehen RFEF Mailara itzulera ospatzeko. Aurredenboraldia arrakastaz bete du talde txuribeltzak eta jokalari guztiak prest ditu Ramses Gilek jokatzeko. Emaitza onak bilduta eta sasoi onean beraz, zelaiaren mendeurrena ospatzen hasiko dira lehen minututik.
Ramses Gil Real Uniongo entrenatzaileak 2026/27 denboraldiko lehen prentsaurrekoa eman du gaur goizean Stadium Galeko instalakuntzetan. Izan ere, igande honetan, abuztuaren 30ean, txuribeltzek lehen jardunaldia jokatuko dute etxean Coriaren kontra eta aurredenboraldia arrakastaz beteta, ikasturteari gogoz eta ilusioz ekinen diotela aitortu du prestatzaileak: “Horrelako momentua bizitzeko gogoz gaude iaztik. Gogoz gaude Lehen RFEF Mailan jokatzeko. Betiko moduan, ilusioz eta pasioz, ekinen diogu lanari”. Aurredenboraldik prestaketak ongi joan direla ere azpimarratu du Gilek: “Probetxuzko aurredenboraldia izan da. Denbora izan dugu nahi genuena helarazteko eta plantilla osoa prest dago hasi eta hiru puntuak irabazten saiatzeko”.
Coria izanen da denboraldi honetako lehen aurkaria, Real Union bezala, Lehen RFEF Mailara igo berri den taldea hain zuzen ere. “Historikoa den zerbait lortu du Coriak eta hemen egotea merezi duela erakutsi du. Entrenatzaile onak ditu eta baliabide asko dituen taldea da. Ez ditu gauzak erraz jarriko”, onartu du prestatzaileak. Bi taldeak igo berri badira ere, txuribeltzak dira maila hau gehiago ezagutzen dutenak eta, zaleei begira, igandean garaipena eskuratzeko faboritoak dira. Hala ere, “horrek ez duela ezer erran nahi” dio Gilek eta “errespetu handienarekin” aterako dira zelaira, Coriaren kontra ahalik eta lan hoberena egitera.
Aurredenboraldi on bat egin izana ere lagungarria da momentu hauetan. Errendimendu ona erakutsi dute jokalari guztiek eta horrek itxaropena ematen du. Izan ere, Real Unionen plantilla erdia berria da eta azkenean, egokitzapen prozesu bat egin behar izaten da kasu horietan. Halere, entrenatzaileak aipatu duen moduan, “plantilla erdia berria bada ere, bertze erdia ez eta hori berrien integraziorako mesede izan da”. Taldeak ez duela ezer gehiago behar ere onartu du Gilek: “Ongi goaz dugunarekin. Merkatuak markatzen du ea jokalari berriren bat fitxatzeko aukera izaten ahal dugun, baina oraingoz ongi gaude. Aurredenboraldian bigarren taldeko 6-8 jokalari izan ditugu lehen taldeko saioetan sartuta eta ongi joan da dena”. Yassin Tallal jokalariaren azken fitxaketa ere izan du hizpide prestatzaileak eta “uste baino hobea” dela aitortu du.
Beraz, honekin guztiarekin, talde prest dago bere aurtengo helburuak erdiesteko lanekin hasteko. Coria izanen da lehen aurkaria, baina bertze 37 jardunaldia dituzte aitzinetik igande honetatik aurrera. Horrela, pausoz pauso eta neurketaz neurketa ari beharko dira txuribeltzak lehian, sailkapenean hirunaka batzeko asmoa betetzeko.