REAL UNIONEK FRAN JUSTO KANPORATU DU ASTON VILLAREKIN SINATUTAKO AKORDIOAREN BAITAN

2023/12/27
REAL UNIONEK FRAN JUSTO KANPORATU DU ASTON VILLAREKIN SINATUTAKO AKORDIOAREN BAITAN

Igor Emery presidenteak ez badu konfirmatu ere, lurraldeko komunikabideek Iñigo Idiakezen izena nabarmendu dute Justoren lekukoa hartzeko

Real Unionek Fran Justo lehen taldeko entrenatzailea kanporatuko zuela argitaratu zuen pasa den astearte ilunabarrean. Gaur aldiz, prentsaren aitzinean azaldu dira Igor Emery klub txuribeltzeko Administrazio Kontseiluko presidentea eta Justo bera honen berri ematera. Lehendakariak erran bezala, Aston Villarekin sinatutako akordioaren baitan sartzen den prozesua izan da kanporaketa hau. Entrenatzaile berria zein izanen den argitu ez badu ere, lurraldeko komunikabideek Iñigo Idiakezen izena nabarmendu dute.

Fran Justo eta bere lantaldea kanporatu du Real Unionek berriki. Lehen entrenatzailearekin batera, Millan Fernandez, Erik Penedo eta Angel Lopez talde txuribeltzetik kanpo geratu dira, Justok berak azpimarratu duen moduan, “orain arteko helburuak betetzen ari” baziren ere. Igor Emery presidenteak aldaketa honen inguruko azalpenak eman ditu eta jakinarazi du Aston Villarekin duten akordioaren baitan sartzen dela aldaketa hau: “Aldaketa hau prozesu baten baitan sartzen da, Aston Villarekin dugun hitzarmenaren baitan hain zuzen. Prozesu hori azkartzeko bidean, eta handik jokalariak ekartzeko, hitzarmena indartu da eta nahi genuena baino azkarrago joan da. Ideia da Aston Villaren metodologia aplikatzea hemen, inguru hartako konfiantzazko jendearekin”. Edonola ere, Emeryk berak Fran Justo eta bere taldearen “profesionaltasuna eta inplikazioa” eskertu nahi izan ditu.

Entrenatzaile galiziarrak, bere aldetik, kanporaketa hau “kolpe gogorra” izan dela adierazi du, baina garrantzitsuena “helburuak lortzen ari” zirela ailegatu dela aipatu du. Pasa den ekainean, Real Unionek “urte zail baten ondotik, urte lasai bat nahi zuela” aipatu zion Justori, “beti ere anbizioarekin jokatuta”. Orain artean, “helburu hori bete dutela” azpimarratu du prestatzaileak eta taldea gora begira ari dela une oro. Kanporaketa ulertu eta onartu egiten duela ere erran du Justok: “Zuzendaritzaren helburua finantziazioa lortzea dela ulertzen dut, baita hori guztia konfiantzazko jendearekin egitea ere, kontrol osoa edukitzeko. Onartu behar dut eta eskertu orain arte nirekin egin duten apustuagatik”. Lana erdi eginarekin joateak pena ematen dio entrenatzaileari, baina hala ere kontzientzia garbiarekin utziko du Real Union: “Burua gora dudala uzten dut kluba, denei begietara begiratuz. Nire jokalariak negarrez ikusi ditut agurtu ditudanean, eta hori lor genezakeen garaipenik onena izan da”.

Hemendik aitzinera lehen taldea nork gidatuko duen ez dago garbi oraindik. Igor Emery presidenteak erran duenez, akordio hori oraindik ez dago guztiz itxita eta ez du izenik argitara eman. Hala ere, atzotik Iñigo Idiakez nabarmendu dute lurraldeko komunikabideek Real Uniongo lehen taldeko entrenatzaile berri gira.