Real Unionek garaipen batekin agurtu du denboraldia
2026/05/04
Talde txuribeltzak 2-0eko markagailuarekin irabazi zuen Alfaroren kontra. Irabaztekorik edo galtzekorik ezer ez zutela jokatu zuten bi taldeek denboraldiko azken jardunaldia Stadium Galen. Lehen zatian hartu zuen aitzina etxeko taldeak eta bigarrenean, utzi zuen garaipena erabakita. Hiru puntu gehiagorekin, lider ukaezina bezala, borobildu du denboraldia, Lehen RFEF Mailara begira jartzeko.
Real Unionek 2-0eko markagailuarekin garaitu zuen, pasa den ortziralean, maiatzaren 1ean, Alfaro taldea. Bi taldeak ezer galtzekorik ez zutela zelairatu ziren; Lehen RFEF Mailara igoera lortuta bata eta Hirugarren RFEF Mailara jeitsiera sufrituta bertzea. Lider ukaezina dela erakutsi zuen bertan, etxeko zaleen aitzinean, talde txuribeltzak eta honela, denboraldia modu bikainean borobilduta, ekin zien ospakizunei.
Neurketa nahiko parekatua hasi zen bi taldeentzat, ez batak ez bertzeak ez zuela aterik aurkitzen. Hala ere, minutuak pasatu ahala, Real Unionek bere lekua lortu zuen eta Alfaroren areara zenbait hurbilketa egin zituen. Horietako batean, atsedenaldira bidean, lortu zuen Soroetak lehen gola sartzea eta markagailuan aitzinetik jartzea. Nafarrak hau berdintzen saiatu ziren, baina ez zituzten aukerak ongi aprobetxatu.
Bigarren zatian, erritmo biziagoarekin zelairatu zen etxeko taldea eta, minutu gutxietan, bospasei aukera garbi eduki zituzten markagailuko aldea handitzeko. Hala ere, ez zen azken minutura arte bilakatu hori errealitate. 90. minutuan Louakimak lortu zuen bigarren ta azken gola eta horrela, garaipen batekin borobildu ahal izan zuen Real Unionek denboraldi bikain hau.
Merezitako atsedenaldia hartuta, heldu den denboraldiari begira jarri beharko da taldea, Lehen RFEF Mailan lehiakor izateko behar den taldea osatuz. Bitartean, maiatzaren 1a, ospakizun eguna izan zen Stadium Galen eta Ligako txapeldunaren trofeoa jasotzeaz gain, Javier Soroetak ere urteko jokalari erregularrenaren saria ere hartu zuen. Hainbat omenaldi ere jaso zituzten taldekideek, zaleen eta klubeko bertze taldeetako jokalarien eskutik. Lan ona egin ondorengo aitortza izan zen, urte baten buruan berriz ere taldea mailaz igo dela ospatzeko.