Real Unionek Mirandes jasoko du bihar ehun urte betetzen dituen Stadium Galen
2026/09/18
Denboraldiko laugarren jardunaldia jokatuko du bihar, irailaren 19an, Real Unionek (18:45). Hitzordu berezia izanen da taldearentzat, eta ez soilik aurkariagatik. Izan ere, Stadium Galek ehun urte beteko ditu egun berean eta zaleek hori ospatzeko aukera izanen dute, partidu handi batekin borobilduz.
Real Unionek Mirandes jasoko du bihar, irailaren 19an, 18:45ean jokatuko den partiduan. Denboraldiko laugarren jardunaldia izanen da hau eta momentu berezi batean ailegatzen da. Izan ere, bihar, Stadium Galek ehun urte beteko ditu eta ospakizunetan murgilduta egonen da, kluba, baita zaleak ere. Honek ez du taldearen egunerokoan eraginik izanen, ospatzeko bertze modu bat izanen da eurentzat neurketa hau jokatzea. Hori bai, hiru puntu gehiagorekin, mendeurrena ospatzeko arrazoi gehiago izanen ditu talde txuribeltzak.
Ramses Gil entrenatzailearentzat ere partidu berezia izanen da biharkoa. “Klubarentzat eta taldearentzat” berezia izanen den bezala, berarentzat ere polita izanen da harmailak zalez beteak ikustea. Ospakizunek ez dute eraginik izanen jokalari eta teknikariek konzentrazioan eta horrela adierazi du Gilek berak: “Ez dut arazorik ospakizunekin. Konzentratuta mantendu behar gara, baino ez dut uste hori zaila izanen denik. Egun berezia da klubarentzat, zelaiarentzat eta, orokorrean, hiritarrentzat”.
Horrela bada, taldea gogoz dago etxera bueltatzeko, bi jardunaldiz segidan kanpoan aritu ondotik. Mirandes, mailaz jeitsi berria den taldea, izanen dute txuribeltzek aitzinean. Gilek erran duenez, “talde ona du. Gauzak zail jarri beharko dizkiegu irabazteko aukerak edukitzeko”. Argi baitu entrenatzaileak, talde guztien moduan, “jeisten zarenean, ahal bezain pronto igo nahi duzula berriz”. Mirandes klubaren mendeurrena ospatzen ari da aurtengoan ere eta beraz, hitzordu berezia izanen da guztientzat.
Stadium Galen mendeurrena
Real Unionen historiak sustrai sakonagoak dituen arren, Stadium Gal «Irungo, Bidasoaldeko, Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako futbolaren leku sinbolikoa» dela nabarmendu du Emeryk. Txuribeltzek Hondarribiko Amuteko Capuchinosen zegoen futbol zelaian hasi baitzuen bere ibilbidea 1910. urtean Racing Club de Irun izenpean. Eta 1915. urtean Irun Sporting Club taldearekin elkartu ondoren hasi zen Real Union gisa bere partidak jokatzen oraindik ere Amuteko zelaian.
Irungo Stadium Gal, aldiz, 1926ko irailaren 19an inauguratu zuten Bartzelonaren kontrako partida batean. Salvador Echeandia Gal irundarrak emandako lurretan eraiki ondoren. Irungo enpresari ospetsuak (Porcelanas Bidasoa eta Perfumería Gal saltokien sortzailea) lurrak lagatzeaz gain eraikuntza lanen kostua (313.171 pezeta) bere gain hartu zituen.
Ehun urte beranduago, larunbata honetan ospatuko dute urteurrena, eta Real Unionek Mirandesen aurka jokatuko duen partidaren ohorezko sakea Echeandia Gal familiak jaurtiko duela iragarri du klubak. Eta partidaren atarikoa girotzeko, 16:00etan zaleek topaketa egingo dute San Juan plazan, eta 17:00etan kalejira izango da. 18:25etarako zelaian egoteko deia egin du klubak, 18:30ean aurreskua eta ohorezko sakea egingo baitute.
Era berean, estadioaren historiaz gehiago jakin nahi duenak, aukera paregabea izango du gaur, irailak 18, Carlos Fernandez de Casadevantek Oiasso museoan (19:00etan) emango duen hitzaldian.
Igor Emeryk argitu du, hala ere, mendeurrena urte osoan zehar ospatuko dutela. Izan ere, klubak eskatuta Gipuzkoako Futbol Federazioaren urteko ekitaldia Ficoban eta Stadiuml Galen ospatu zuten joan den denboraldi bukaeran. Uda honetan Reala eta Bilboko Athleticen arteko Emakumezkoen Euskal Txapela Stadium Galen jokatu zen, eta urtean zehar hainbat jardunaldi eta ekimen antolatuko dituzte mendeurrenaren baitan.