Real Unionek porrot egin zuen Riazorren

2026/09/28
Talde irundarrak 2-0eko markagailuarekin galdu zuen Deportivo Fabril taldearen kontra. Azken minutuetan ailegatu ziren aurkariaren bi golak eta talde txuribeltzak ez zuen aukerarik eduki emaitza berdintzeko ere. Hiru puntuak galduta, etxera bueltatu zen, dagoeneko heldu den asteburuari begira jartzeko.
Real Unionek porrot egin zuen Riazorren
Deportivo Fabril 2
0 Real Union Club
Real Unionek 2-0 galdu zuen, pasa den larunbatean Riazorren, Deportivo Fabril taldearen kontra. Golik gabeko partidua izan zen ia, bigarren zatiko azken minutuetan ailegatu baitziren jardunaldiko bi golak, biak etxeko taldearenak. Txuribeltzek ez zuten aukerarik eduki hori berdintzeko eta punturik batu gabe bueltatu ziren Irunera, porrota ahantzi eta dagoeneko heldu den asteburuko erronkari begiratzera. Golik gabeko lehen zatia jokatu zuten bi taldeek, nahiz eta hagitz indartsu aritu biak. Lehen bost minutuetan denarekin zelairatu zen Deportivo Fabril eta defentsa lanetan aritzea egokitu zitzaion Real Unioni. Saiatu eta egin, aurkari indartsuaren jokoa ongi geldiarazi baitzuen Ramses Gilen taldeak. Horrez gain, atsedenaldira bidean, gol aukera onak eduki zituen talde txuribeltzak, nahiz eta ezin izan zuen baloia sare barrenera bidali. Atsedenaldiaren ondotik, egindako aldaketei esker, Real Unionek aldarte borrokalariago bat erakutsi zuen zelaian eta gol aukera garbiak eduki zituen. Hala ere, ez zuten markagailuan aldaketarik behartu. Puntuak banatu beharko zituztela uste zutenean ordea, Deportivo Fabrilek 1-0ekoa ezartzea lortu zuen. Hori guti balitz, luzapenean, bigarrena sartzeko aukera aprobetxatu zuen etxeko taldeak, korner baten bitartez. Horrela, 2-0eko behin-betiko markagailuarekin galdu zuen Real Unionek, jardunaldiko hiru puntuak ere Riazorren utzita. Honen ondotik, etxera bueltatuko da talde txuribeltza, Ourense taldearen kontra lehiatzeko, heldu den urriaren 3an, 16:30ean.