Real Unionek puntuak banatu zituen Amorebietarekin

2026/04/20
Talde txuribeltzak hiruna berdindu zuen Amorebietarekin, pasa den larunbat arratsaldean Stadium Galen. Luzapenean egin zion ihes garaipenak etxeko taldeari, eta puntuak banatu behar izan zituen aurkariarekin. Penaz bukatu zuten txuribeltzek partidua, baina helburu nagusia lortua dutela, lasaitasunez hasi dira aste berria prestatzen.
Real Unionek puntuak banatu zituen Amorebietarekin
Real Union Club 3
3 SD Amorebieta
Real Unionek hiruna berdindu zuen, pasa den larunbat arratsaldean Stadium Galen, Amorebietarekin. 3-1 irabazten ari zen Ramses Gilen taldea eta hiru puntuak poltsikoan zituela uste zuenean, etorri ziren Etxanizen bi golak. Horrela, berdinketan bukatu zen neurketa eta puntuak ere banatu behar izan zituen. Penaz, baina lasaitasun osoz, ekin dio Real Unionek aste berria prestatzeari, denboraldiko azken bi jardunaldiak irabazteko helburu argiarekin. Bi taldeak irabazteko edo galtzeko ezer ez zutela zelairatu ziren, pasa den larunbatean, Stadium Galen. Hala ere, garaipena eskuratzeko ideia garbia zuten biak eta ongi islatu zen hori jokoan. Etxekoak bizkor hasi ziren eta bigarren minutuan lehen gola sartzeko aukera aprobetxatu zuten. Soroetak sartu zuen eta 1-0ekoarekin aitzinetik jarri zen Real Union. Hortik aitzinera, erritmoak pixka bat behera egin zuen, eta aukerak ere gutituz joan ziren. Hala ere, etxekoek zuten baloiaren jabetza eta partiduaren kontrola. Horrela, hiruzpalau aukera gehiago izan zituen Ramses Gilen taldeak, baina emaitza berarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian, Real Union lasai bat ikusi zen zelaian eta hori aprobetxatu zuen Amorebietak berdinketa jartzeko. Txuribeltzak segidan erantzun zuten eta berriz ere Soroetak gola sartu zuen, 2-1ekoa ezartzeko. Hori guti balitz, hirugarrena ere lortu zuen Soroetak, aurkariarentzat salbaezina zirudien markagailu bat lortuz, 3-1ekoa. Orduan ailegatu zen ezustekoa. Neurketa bukatzeko bi minutu gelditzen zirenean, Etxanizek gola sartu zuen eta etxekoak urduri jarriz. Luzapenean gainera, jokalari berak bere bigarren gola sartu eta berdinketa erdietsi zuen bukaerarako, bi taldeen artean puntuak banatzera behartuz. Horrela bukatu zen euskal derbia. Penaz hartu zuen Real Unionek berdinketa, baina lasaitasunez aldi berean. Izan ere, bere nagusitasuna ezin da kolokan jarri eta ideia horrekin eginen diote aurre azken bi partiduei.