Realak seigarren aldiz bereganatu du Euskal Herria Kopako txapela
2026/08/20
Stadium Galen jokatu zen Euskal Herria Kopako finala, zelaiaren mendeurrenaren lehen ospakizunen barrenean. Reala eta Athletic izan ziren aurrez aurre eta zuri-gorrien alde hasi bazen partidua, txuriurdinek markagailua irauli eta garaipena eskuratu zuten, seigarren aldiz txapelketa bereko kopa altxatuz.
Real Sociedad emakumezkoen taldeak XVI. EH Kopa bereganatu du Irungo Stadium Galen jokatutako finalean Athletic Club 3-1 garaitu ondotik. Aurredenboraldiko azken proba honetan, talde donostiarrak markagailua irauli behar izan du txapela poltsikoratzeko. Atzokoarekin, Realak seigarren aldiz irabazi du EHKopa. Aurtengo edizioa ‘Guk geurea’ leloarekin jokatu izan da, Euskal Selekzioaren aldarriarekin, alegia. Gainera, Stadium Galen ospatu zen hitzordu garrantzitsua, zelaiaren mendeurrenaren lehen ospakizunen harira. Horren ondotik, Euskal Herriko Txapelaren finala ere jokatuko da heldu den irailaren 25ean.
Stadium Gal izan zen atzokoan Euskal Herriko Kopako finalaren eszenatokia. Bi taldeak, Reala eta Athletic, ikurrina eskuetan zelairatu ziren. Julia Arrula Realeko atezaina eta Irene Ogiza Athleticeko atzelaria izan ziren belarretara ateratzen lehenak, taldekideak gibeletik zituztela eta bozgorailuetatik Txoria txori abestia aditzen zela. Izan ere, aurtengo txapelketaren leloa Guk geurea izan da, euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena eginez. Neurketa hasi baino lehen gainera, momentu bereziak bizi izan zituzten bertaratutako zaleek, bereziki irundarrek, Leire Landa hiriko futbolari ohia ere omendu baitzuten. Landak orain dela guti eman dio bukaera bere kirol ibilbideari eta izan duen oparotasuna aitortu nahi izan zuten bertan. Realean eta Athleticen aritutakoa da futbolaria, eta berak egin zuen atzokoan ohorezko sakea.
Partidua hasi zen ondotik eta lehen ordu laurdenean elkarri indarrak neurtzen aritu ziren bi taldeak. Horren ondotik, hobeki kokatu zen Athletic eta horrela ailegatu zen euren lehen gola, 21. minutuan. Garazik luze bota zuen baloia, Ane Camposek Iraiari pasa eta azken honek sartu zuen sare barrura, 0-1ekoa ezarriz. Realak hamahiru minutu behar izan zituen emaitza berdintzeko eta saiakera batean Chacones paratu zuen markagailuan 1-1ekoa. Honek gogoa piztu zion talde txuriurdinari eta bigarren zatian lortu zuen tartea handitu eta garaipena poltsikoratzea. Seelenfreundek-ek sartu zuen bigarrena 54. minutuan eta luzapenean, 92. minutuan, Nerea Eizagirre izan zen garaipena euren alde izatea erabaki duena.
Euskal Herria Kopa irabazita, Reala prest dago Txapeldunen Liga hasteko. Stadium Gałek ere estreinatu ditu honela bere mendeurreneko ospakizunak. Hurrengo hitzordua etxeko taldearena izanen da, hauek Lehen RFEF Mailako denboraldia segidan hasiko baitu. Hala ere, ospakizunekin segitzeko, irailaren 25ean berriz ere Reala eta Athletic izanen dira aurrez aurre, kasu honetan gizonezkoen taldeak, Euskal Herria Txapelaren finala jokatzeko.