Stade Hendayais errugbi taldeak galdu gabe segitzen du denboraldi hasiera honetan

2026/09/22
Federale 3 mailan ari den Hendaiako taldeak 17-32ko markagailuarekin garaitu zuen Larresoro, denboraldiko bigarren jardunaldian, lehena etxetik kanpo. Denboraldi hasiera honetan, galdu gabe segitzen dute hendaiarrek eta sailkapeneko lidergotza mantentzen dute. Bigarren taldeak berriz, 35-18ko emaitzarekin porrota jaso zuten aurkari beraren kontra.
Stade Hendayais errugbi taldeak galdu gabe segitzen du denboraldi hasiera honetan
Nagusitasun osoz irabazi zuen, pasa den igandean ere, Federale 3 mailako Stade Hendayais errugbi taldeak. Larresoro izan zuen aitzinean, denboraldi hasiera honetan jokatzen zuten etxetik kanpoko lehen jardunaldian, eta 17-32ko markagailuarekin garaitu zuen aurkaria. Lehen zatian dagoeneko nabarmendu ziren hendaiarrak eta abantaila lortu zuten, bigarrenean gehiago zabaldu eta errenta deuseztaezina bihurtu zena. Horrela, bigarren garaipena segidan lortuta, sailkapeneko lidergotza mantendu du Hendaiako taldeak, hamar punturekin guztira. Heldu den asteburuan atsedenaldia izanen dute, eta hurrengoan, urriko lehenengoan, Laruns taldea jaso beharko du Hendaian. Etxeko zelaian jokatzeak abantaila eman diezaioke taldeari, baina Laruns sailkapeneko bigarren postuan kokatua dagoen taldea da, bi jardunaldietan ere garaipena lortu duena, beraz partidu gogorra izanen dutela aurreikusten dute hendaiarrek. Bigarren taldeak porrot egin zuen Larresororen kontra Stade Hendayais-en bigarren taldeak berriz, 35-18ko markagailuarekin galdu zuen Larresororen kontra, hauek ere denboraldiko bigarren jardunaldian, etxetik kanpoko lehenean. Felix San Martin ordezkariak azaldu duenez, gazte anitz dira aurten bigarren talde honetan eta oraindik ere esperientzia pilatzen joan behar dira, zelaian aurkituko dituzten aurkariei aitzin egiteko. Joko ona erakutsi zutela ere onartu du, baina martxa hartu behar dutela oraindik, hobeak izateko. Bigarren jardunaldiaren ondotik, sailkapeneko zazpigarren postuan sailkatua dago Stade Hendayais, lau punturekin guztira.