Stadium Gal inauguratu zela 100 urte beteko dira larunbatean

2026/09/14
Real Unionen etxea den Stadium Galek 100 urte beteko ditu asteburuan. 1926ko irailaren 19an inauguratu zen zelaia, Salvador Echandia Gal irundarrak emandako lurretan. Geroztik, berreraikitze prozesu desberdinak bizi izan ditu instalazioak, baina urte horietan guztietan zehar, hainbat txuribeltzentzat momentu onak eta ez hain onak bizitzeko lekua izan da. Hori ospatzeko, mendeurrenaren egunean bertan Real Unionek Mirandesen kontrako partidua jokatuko du, bertze hainbat ekimenen artean.
Stadium Gal inauguratu zela 100 urte beteko dira larunbatean
Stadium Galek 100 urte beteko ditu larunbat honetan, irailaren 19an. Denboraldi berezia izanen du beraz, Real Unionek, urte hauetan guztietan bere etxea izan denaren mendeurrena ospatuko baitu. Dagoeneko hasiak dira ospakizunak, baina bereziena asteburu honetan biziko dute txuribeltzek. Izan ere, instalazioa estreinatu zen egun berean, 100 urte beranduago, Lehen RFEF Mailako taldeak Mirandesen kontrako partidua jokatuko du. Horren aitzinetik, bezperan, Galen inguruko hitzaldia ere eskainiko du Carlos Fernandez de Casadevantek Oiasso Museoan. 1926ko irailaren 19an inauguratu zen Stadium Gal, Salvador Echandia Gal irundarrak emandako lurretan, Igor Emery Real Union Klubeko presidenteak adierazi duenez, “Irungo, Bidasoaldeko, Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako futbolean ikur nagusietako bat” izan den zelaia hain zuzen ere. Larunbat honetan beraz, 100 urte beteko ditu instalazioak eta efemeridea ospatzeko, “hainbat ekitaldi instituzional, kultural eta kirol txapelketa antolatuko dira urtean zehar”. Dagoeneko hasiak dira ospakizunak, abuztuan, Euskal Herriko Koparen finala jokatu baitzen bertan. Horrez gain, “mugaz gaindiko txapelketa inklusibo bat” ere egin zutela oroitarazi du Emeryk. Denboraldi osoan zehar ospatuko dituzte ekintza desberdinak eta horietako batzuen berri ere eman du presidenteak: "Urtean zehar, hilabetero, adinekoentzat, gazteentzat edota adimen desgaitasuna dutenentzat antolatuko dugun guztia mendeurrenaren barrenean sartuko dugu”. Ospakizunen artean bereziena, larunbat honetako izanen da. Irailaren 19an, Stadium Galek 100 urte betetzen dituen egun berean, Lehen RFEF Mailako taldeak partidua jokatuko baitu. “Larunbatean, 18:45ean, Mirandesen kontrako partidua jokatuko da eta, hori baino lehen, Echeandia Gal familiak ohorezko sakea eginen du. Hainbat ekimen egonen dira egunean zehar, tartean erdigunetik eginen den kalejira, partiduaren giroan sartzeko”, adierazi du Emeryk. Bezperan gainera, Carlos Fernandez de Casadevantek zelaiaren mendeurrena azaltzen duen hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Oiasso Museoan, futbol zelaia izateaz gain, belodromoa, kontzentrazio esparrua eta bertze hainbat gauza izan baita instalazioa. 100 urte baditu ere, Galek modernizazio eta berreraikitze faseak jasan ditu. Real Uniongo lehendakariak kontatu duenez, “1997an erabat berreraiki eta modernizatu zen” zelaia, nahiz eta “historia guztia mantendu den”. Emeryk oroitarazi du bertatik “belaunaldi garrantzitsu asko pasatu” direla, “kirol arrakastez gain, historiaren parte izan den zelaia” baita. Cristina Laborda alkateak ere gauza bera azpimarratu du: “Gal ez da soilik futbol zelai bat, baizik eta irundar askoren etxea. Bertan garaipenak, porrotak, igoerak eta jaitsierak bizitu dira, baita hiriak izan dituen futbol arratsalderik garrantzitsuenak ere. Belaunaldi askoren etxea izan da hau eta mendeurren honek hori oroitarazten digu, hiriak eta futbolak duen etengabeko harremana. Galek ondare fisikoa eta emozionala du eta hau mantentzeko erronka dugu, momentu horiek bizitzen segitu dezagun denok”. Ekitaldi eta ospakizunez gain, etengabeko modernizazio prozesuan segitzeko du Galek, garai berrien behar eta eskakizunei erantzuteko asmoz, Igor Emery eta Cristina Labordak azpimarratu duten moduan. Horren erakusle da aurtengo denboraldian estreinatu duten igogailua, Gal irisgarria egin ahal izateko eta Real Unionen zale guztiek, asteburuero-asteburuero, euren taldearen garaipen eta porroten testigu izan ahal izateko.