Stadium Galen jokatuko dira Euskal Herria Kopako eta Euskal Herria Txapelako finalak

2026/08/06
2026/27 denboraldia berezia izanen da Real Unionentzat, Stadium Galek 100 urte beteko dituelako. Mendeurrenaren harira, hainbat ospakizun izanen dira urtean zehar eta horietan lehendabizikoa, abuztuaren 19an izanen da, Euskal Herria Kopako finala jokatuko baita bertan. Hitzordua aprobetxatuz, Leire Landa Irungo futbol jokalaria omenduko dute bertan. Honez gain, irailaren 25ean, gizonezkoen Euskal Herria Txapeleko finala jokatuko dute, Realak eta Athleticek leku berean.
Stadium Galen jokatuko dira Euskal Herria Kopako eta Euskal Herria Txapelako finalak
Aste honetan aurkeztu dituzte Euskal Herria Kopa eta Euskal Herria Txapelako finalak Irunen, biak Stadium Galen ospatuko baitira datozen hilabeteetan, zelaiaren mendeurrena ospatzeko lehen hitzorduak izanen direlarik. Lehena, Euskal Herria Kopako finala jokatuko da abuztuaren 19an, oraindik zehaztu gabe dauden bi taldeen artean. Txapelketaren finalerdiak abuztuaren 15ean eta 16an jokatuko dira eta hor erabakiko da zein bi talde ailegatuko diren finalera. 15ean Athleticek eta Alavesek jokatuko dute lehen finalerdia Amurrion; biharamunean berriz, Realak eta Eibarrek eginen dute gauza bera Azkoitian. Finala berriz, abuztuaren 19an izanen da, 19:00etan Stadium Galen. Sarrerek 20 euroko prezioa dute eta Euskal Herria Kirola edota Real Unionen webguneetan eros daitezke. Igor Emery Real Uniongo presidentea pozik azaldu da Galen bizi ahalko den partidu handi honekin: “Euskal Herriko talderik onenak arituko dira Galen eta hori eskertzekoa da. Aurtengo denboraldia hain berezia izanda, finala hona ekartzea polita da, euskaldunon zelaia baita hau, historia handikoa”. Stadium Galen mendeurrena ospatzeko aitzakia ederra da final hau, baita hitzordua aprobetxatuz, Leire Landa futbolari ohi irundarrari eginen dioten omenaldia. Oiartzunen, Realan, Atletico Madrilen, Athleticen eta Bartzelonan jokatutakoa da, kirolari bezala ibilbide oparoa osatuta. Orain, erretiroa hartuta, hunkituta hartuko du Landak bere sorterrian eginen dioten omenaldia: “Ez dut aurkerarik eduki Irunen futbolean jokatzeko eta, behin bukatuta, ilusioa egiten dit eta pozik nago nirekin gogoratu direlako eta niri, modu honetan, parte hartzeko aukera emateagatik”. Euskal Herria Txapeleko finala irailaren 25ean Stadium Gal zelaiaren mendeurrena ospatzen segitzeko, irailaren 25ean Euskal Herria Txapelaren finala jokatuko da eta, kasu honetan, dagoeneko badakite Reala eta Athletic izanen direla aurrez aurre partidu horretan. Izan ere, lehiaketa honetan soilik finala jokatzen da eta Lehen Mailan jokatu duten Euskal Herriko bi talderik onenak aritzen dira partidu bakar horretan. Aurtengoan, Donostia eta Bilboko taldeak izanen dira ohore hori izanen dutenak.